Buruntzaldea IKTko gaztetxoak Irlako 19. Zeharkaldian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko irailaren 1a

Buruntzaldea IKTko igerilariek uretan murgilduta egoten jarraitu dute udaran zehar. Joan den asteburuan, esaterako, Donostiako Irlako 19. Zeharkaldia burutu zuten zenbaitek.

Infantil kategorian sei igerilari aritu ziren: Leire eta Ainhoa Martin, Irati eta Joane Arzalluz, Nerea Santos eta Unai G. Somovilla. 600 metroko ibilbidea ederki osatu zuten denek. Nesken artean, txapeldun izan zen Leire Martin, eta hirugarren Ainhoa ahizpa; 13:58 eta 14:28ko denborak egin zituzten. Hortik denbora gutxira (15:06) iritsi zen Irati Arzalluz, laugarren postuan. Joane Arzalluz hamaikagarren postuan iritsi zen, eta 21.ean Nerea Santos; 16:15 eta 21:18ko denborak egin zituzten, hurrenez hurren. Aipatzekoa da Santosen lehenengo zeharkaldia izan dela aurtengoa.

 Mutilei dagokienean, Unai G. Somovilla bigarren helmugaratu zen, erlojua 14:18ko denboran geldituz.

Nagusiak ere igerian

Beste hiru taldekidek ordezkatu zuten Buruntzaldea IKT iragan asteburuan, Nagusien kategorian. Joel Lopez, Andoni Salsamendi eta Yoli Pastorrek, hain justu. Maila oso txukuna eman zuten, hiru kilometroko ibilbidea burutuz.

Pastorrek seigarren denbora onena egin zuen, 48:46ko markarekin. Lopez eta Salsamendi 26. eta 35. izan ziren, 46:44 eta 48:49ko denborekin, hurrenez hurren.