Hasi dira Santa Ana eguneko ospakizunak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 26a, 14:49

Brigitarren komentuko mezarekin hasiera eman zaio Santa Ana egunari. Erketzeko kideek dantza egin dute karkabaren aurrean eta hamaiketako herrikoia egin da.

Santa Ana eguneko ekintzak hamaiketan hasi dira Ama Brigitarren komentuan egin den mezarekin. Honetan tradizioari jarraiki, Erketz EDT-ko kideek agurra dantzatu dute. Meza bukatzean ere irteeran lagundu dituzte herritarrak.

Kanpoan, hamaiketakoa egiteko aukera izan dute bertaratutakoek Ttakunek antolatuta. Hamabiak jotzearekin batera, Santa Ana karkabak hartu du protagonismoa. Honen aurrean, Erketz EDT-ko dantzariek agurra eskaini dute eta ostean, fandango eta arin-arina ere dantzatu dute. Herritar ugari bildu da ekitaldia ikustera. 

Baina ez da ahaztu behar ekitaldiak hasi besterik ez direla egin. Arratsaldean, Loidibarrengo frontoian pala txapelketako 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida izango da 17:15ean eta jarraian, final handia jokatuko dute Xenki Astiazaran eta Iñigo Arluziaga eta Xabi Arteaga eta Beñat Esnaola bikoteek.

Parodia 22:30ean

22:30etatik aurrera, herrian urtean zehar izan diren gertakarien errepasoa egingo da Okendo plazan. Parodiak umorez jorratuko ditu herriko hainbat gai eta jazoera. Aurretik, Intza elkartetik Okendo plazara kalejiran aterako dira aktore guztiak.

Santa Ana eguneko pintxoa

Bestalde, herritarrei gogoratu behar zaie, gaur Aterpea Merkataritza elkarteko kide diren hainbat tabernatan Santa Ana eguneko pintxo berezia dagoela, bakailaoa piperrekin. Arkupe, Lasarte, Viña del mar, Buenetxea, Yolanda, Izurde eta Sancho taberna eta Goiegi jatetxea dira aurtengo edizioko parte hartzaileak.