'Euritan ere jolasean!' erakusketa ikusgai Udaletxeko arkupeetan

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uztailaren 21a

Lasarte-Oriako Udalak Hiridunak estudioarekin elkarlanean abian jarri duen 'Euritan ere jolasean!' parte hartze prozesuak aurrera darrai. Gaur Udaletxe berriko arkupeetan 8 paneletako erakusketa aurkeztu dute.

Agustin Valdivia Hirigintzako batzordeburuak, Gizarte Zerbitzuetako buru den Lourdes Acevedok eta Hiridunak estudioko Koldo Telleria eta Ainhoa Guerras kideek azaldu dituzte erakusketaren nondik norakoak.

Erakusketa uda osoan zehar egongo da Udaletxe berriko arkupeetan ikusgai. Koldo Telleriak eta Ainhoa Guerrasek azaldu modura, erakusketa hau irailetik aurrera egingo diren tailerren aurrekari da eta honi esker, formakuntza txikia jasoko dute herritarrek, " tailerretara ikuspegi orokor batekin iristeko".

Emaitzak eta auzoetako analisia

Lehen paneletan Lasarte-Oriako ikastetxeetan egindako lana eta eskolatuak dauden 7 urte azpiko haurren gurasoei egindako inkesten emaitzak ikusi daitezke. Agerraldian jakitera eman dutenez, guztira 300 bat haur eta 140 bat gurasok parte hartu dute.Haurrei eguraldi ona eta txarra egitean non jolasten duten galdetu zaie. Gurasoei dagokionez, parkeen erabilera, ohiturak eta haurren joko motei buruzko galdeketa erantzun dute. Eta noski, haur, zein helduei estali beharreko parkeak zeintzuk diren ere galdetu zaie.

Bestetik, Lasarte-Oriako auzoetako analisia ere egiten da. Auzoetan dauden zerbitzuak, eremu estaliak, jolas eremuak eta Hiridunak estudioaren ustez estali daitezkeen hainbat eremu ikusiko dituzte herritarrek.

Azkenik, haurrek parkeetan aurrera eraman ahal dituzten jolas moten analisi txikia egiten da. Koldo Telleriak azpimarratu duenez, "Lasarte-Orian gehienak fisikoak dira, baina estaltzen diren eremu berrietan beste motatakoak jartzea aztertu daiteke".

Hiridunak estudioko kideek jakitera eman dutenez herriko parkeetan kartelak jarri dituzte erakusketaren berri emanaz. Tailerrak hastean, ikastetxe eta herriko hainbat udal eraikuntzetan ere horrelako kartelak jarriko direla aurreratu dute.

Hau guztiaz gain, euritanjolasean@gmail.com helbide elektronikoa jarri dute martxan herritarrek haien iradokizun edo iritzia eman dezaten.