Goizeko 10:00etan zabaldu ditu ateak aurtengo XXXII. Santa Ana artisauen azokak. Prest ziren ordurako aurtengo artisau eta euren postuak; guztira, 52 postu izan dira aurtengo edizioan. Euririk egin ez duen arren, eguraldi goibela izan da, baina jendea goizeko lehen orduetatik ibili da, joan etorrian, azoka gunean eta eguerdi partean, jende ugari bildu da. Guztira, 25 postu izan dira Okendon, horietatik 5 herriko artisauenak. Izan dira baita ere, Antonio Mercero Plazan bildu diren 27 jaki postu. Hauekin guztiekin batera, udaletxeko arkupetan, Biyak Bat Egoitzako kideen eskulan erakusketa, ehorziriak, Santa Ana Karkabako maketak eta zuraren lanketa ikusteko aukera ere egon da.
Askotariko produktuak ikusi eta erosteko aukera
Orain arteko edizioetan bezala, aurtengoan ere denetariko produktuak dastatzeko, ikusteko zein erosteko aukera izan da gaurko XXXII. Santa Ana azokan. Okendo Plazan, Zur lanketa, larruzko produktuak, Brotxe eta poltsoak, fotozeramika, makramea, ehungintza, alpargatak, otarrak eta zilargintza artisau postuak izan dira, beste hainbaten artean. Lasarteko artisauak izan dira tartean eta baita bertaratutakoei eskulanak egiteko aukera eman dieten posturik ere.
Jakiei dagokionean, Antonio Mercero Plazan, gozogintzaren, gazten, kontserben, baratxurien, fruitu lehorren, pateen, eztien eta hestekien postuak izan dira eta hauen artean ere, herritarrak egon dira.
Guzti honekin batera, udal azpiko arkupeetan, Biyak bateko kideen eskulanak, ehorziriak, zurgintza eta Santa Ana karkabako maketak ere izan dira ikusgai.
Andoni Luis Adurizi omenaldia
Orain urte batzuk, 2008az geroztik, sukaldari ospetsu bat omentzen du urtero Santa Ana azokak eta aurtengoan, Mugaritz jatetxeko jabe den Andoni Luis Aduriz sukaldaria omendu dute eguerdian. 12:00etarako minutu eskas falta zirenean agertu da Aduriz Okendo Plazan, senitartekoek eta udaleko ordezkariek lagunduta. Oholtza gainera igo dira orduan guztiak eta Sendoki Kultur Batzordeko kide den Ramon Ormazabalek aurkezpen hitz batzuk eskaini ostean jaso du oroigarria; Unai Zabalak, berak eskuz egindako labana eder bat oparitu dio sukaldariari; larruzko bilgarri eder batean bilduta eman dio. Adurizen hartu du orduan mikroa eskuan eta eskertza hitzak izan ditu berarekin gogoratu eta omenaldi hau egin dioten guztiekin. Aitak ez ezik, semeak ere jaso du oroigarria; eskuz egindako eskultura bat oparitu diote, Omenaldia amaitzean, artisau azokan zehar, postuak bisitatzen aritu da Aduriz.
Aurtengo berrikuntza
Aurtengo azokak, aurrekoekin alderatuta berrikuntza bat ere izan du. Hipodromoko mendeurrena dela eta, etxeko gaztetxoenentzat poniak izan dira goizean.
GIro bikaina izan da herriko plazan eta iluntzeko 20:00ak bitarte izango da bertaratzeko aukera.