Juniorrak Euskal Ligako lider

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko otsailaren 26a

Lehenengo fasea atzean utzita, erronka berriak dituzte ortzemugan Ostadar SKTko saskibaloi alorreko bost taldeek. Euskal Ligan mantentzea du helburu junior nesken taldeetako batek eta uste baino lehenago lortzeko bidean da, orain arte jokatu dituen lau partiduak irabazi baititu.

Euren ligetako aurreneko faseak atzean utzita, Ostadar SKTko saskibaloi alorreko bost taldeek helburu eta erronka berriak dituzte: Euskal Ligan mantentzea eta Errendimendu mailara igotzea juniorrek, eta ahalik eta bigarren fase onena burutzea senior gizonezkoek eta kadete nesken bi taldeek.

Ander Otaegik zuzentzen duen junior taldeak Errendimenduko ligan jokatu zuen urtarrilera arte, aurreneko fasea bukatu arte. Lehenengo postuan amaitu zuenez, beste hiru talderekin batera –Araski arabarra, Getxo bizkaitarra eta Ordizia gipuzkoarra– lauko finala jokatu zuen, jakiteko horietako bakoitzak zer norabide hartuko zuen.

Irabazi ala ez, talde urdin-beltza berdin-berdin igoko zen Euskal Ligara. Diferentzia honakoa zen: gailenduz gero, Espainiako txapelketa jokatzeko lehiatuko zuela bost talderekin. Ez zuen lortu eta, ondorioz, maila mantentzea dute helburu 2016/17 sasoira begira, bost talderekin baita ere. Primeran ari dira orain arte, jokatutako lau partiduak irabazi baitituzte. Azkena iragan larunbatean, Ordiziaren kantxan; 47-62.

Errendimendu maila ortzemugan

Pasa den larunbatera arte ez zuten partidu bakar bat ere galdu Partizipazioko junior neskek. Hamalautik hamalau poltsikoratu zituzten liga erregularrean, eta igoera faseko lehenengoa ere bai. 

Asteburuan dastatu zuten aurrenekoz porrotaren zapore mingotsa, baina daramaten balantzea eskuetan, Errendimendu mailara igotzeko hautagaiak direla esan daiteke. “Igoera faserako sailkatzeko garaipen bakarrera geratu zen taldea iaz; kolpe gogorra izan zen jokalarientzat. Are sendoago ari gara aurten, lanerako jarrera eta gaitasun gehiago ditugu. Igo egin nahi dugu”, dio Endika Marrahi taldeko entrenatzaile eta saskibaloi alorreko koordinatzaileak.

Bigarren fase txukuna

Senior gizonezkoen 3. probintzialeko taldeak ezin hobeto ekin zion bigarren faseari, lau partidutik lau irabazita. Azkeneko biak galdu egin dituzte; hirugarren postuan dira orain.

Primeran ari dira Partizipazioko kadete neskak: zortzi norgehiagokatan aritu dira eta zazpi irabazi dituzte. Errendimendukoak hirugarren doaz, lautik hiru irabazita.