Arduraren printzipioak dio ez dela erabili behar metodo bat baldin eta uste bada kalteak eragiten dituela edo sor ditzakeela. OEITk kontzeptu hori Zubietan eraiki asmo duen errauste plantan aplikatzea galdegin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Hainbat ikerketa –2004 eta 2015 urte bitartekoak– aztertu ostean egin dute eskakizuna, eta ondorio ugari ere atera dituzte, honako hau tarteko: estatistikoki, minbizia pairatzeko aukera gehiago dituzte errauste planta batetik hurbil bizi direnek –bost-hamar kilometroko erradioan–, urrunago daudenek baino. Gure herria erradio horretan dago.
OEITko kideetako bat da Iñigo Suberbiola (Lasarte-Oria, 1975), 2004. urtetik. Aire Garbia plataformak antolatuta, hitzaldia eman zuen asteazkenean, Manuel Lekuona kultur etxean, Maialen Berridi medikuarekin batera. 'Errausketa eta osasuna' zuen izenburu ekitaldiak. Herritarrarekin hitz egin dugu bi hitz horien loturari buruz.
2004az geroztik ari zarete ikertzen errauste planta batek osasunean sor ditzakeen arazoen inguruan. Aurten aurkeztu duzue zuen azterketa berriena. Zertan da?
Berrikusi ditugu errausketa eta osasuna jorratzen dituzten ikerketak, azken hamarkadakoak. Eskuratu ahal izan ditugun guztiak irakurri ditugu. Gero, horietako batzuk erabili ditugu ondorioak ateratzeko, gure iritziz oinarri zientifiko kalitatezkoenak dituztenak.
Irizpide jakin batzuk ezarri ostean pasa dugu galbahea. Populazio nukleo handienak ikertzen dituztenak dira onenak gure ustez, akats-tartea murriztu egiten baita. Beste puntu bat ere funtsezkoa da guretzat: ikerlariek adieraztea nahi izan dutelako burutu dutela azterketa, ez enpresa, udal edo besteren batek eskatu dielako. Beste era batera esanda, aintzat hartu ditugu zehazten dutenak ez dela egon interes gatazkarik. Horrez gain, minbizia ikertzen duten erakunde internazionalek gomendatu moduan, beharrezkoa da gutxienez hamar urtez aztertzea errauste planta batetik gertu bizitzeak nola eragin dezakeen osasunean.
Berrikusi dituzuen ikerketa horiek zer diote? Nola eragiten du erraustegi batetik gertu bizitzeak gure osasunean?
Aztertu ditugunetako bat izan da Carlos III.a unibertsitateak egindakoa. Herri bakoitzeko minbizia tasen berri eman zuen, 1997tik 2006ra arteko datuak bilduta. Behatu zituzten 33 tumore mota, eta ikusi zuten errauste planta batetik bost kilometro baino gutxiagora bizi ziren pertsonen tasak altuagoak zirela, minbizia mota zehatz batzuenak bereziki: biriketakoa, behazunekoa, pleurakoa edota sabelekoa, baita 'Ez Hodking' izeneko linfoma ere.
Beste batean ikertu da hiri hondakinak errausteak zer nolako eragina izan dezakeen haur jaioberri eta haurdun dauden emakumeengan. Horietan ere aipatzen dira hainbat gaitz: sortzetiko malformazioak, abortua izateko probabilitatearen igoera, erbi-ezpainak, eta abar.
Beste hainbat gaitz ere eragiten ditu, irakurri ditugun ikerketetan jasotzen denez; eritasun kardiobaskularrak, kasurako.
Zerk eragiten du gaitz horiek sortzeko aukerak igotzea?
Hiri hondakinak erretzen dituzten errauste plantek atmosferara igortzen dituzten isuriek.
Metal astunak dira horietako asko: arsenioa, kadmioa, beruna, merkurioa... Hainbat arazo eragin ditzakete horiek. Bestalde, mikropartikulak ere isurtzen dituzte. Errausketaren aldekoek diote gaur egungo filtroei esker asko murriztu dela airera doazen mikropartikulen kopurua, baina ikerketa berrienek erakusten dute balore horiek ez direla aldatu; orain dela urte batzuetako maila berean dihardute.
Badaude gas toxiko batzuk ere, gizartean ezagunagoak direnak seguru asko: dioxinak eta furanoak. Gas horiek maila handitan isurtzen dituzte errauste planta urbanoek. Oso kaltegarriak dira gizakientzako; gorputzak denbora asko behar izaten du horiek deusezteko.
Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiak lau urte daramatza martxan. Ikertu al da planta horri buruz urteotan?
EHUko ikerlari talde batek egin zuen bat 2014an, Zabalgarbi ireki eta hiru urtera, Bilboko Udalaren enkarguz. Erraustegi eta osasun arazoen artean ez zuten harremanik ikusi, baina lan hori ez zen beste batzuk bezain fidagarria guretzat, arestian aipatutako irizpide horietako batzuk ez zituelako betetzen. Esaterako, laburra izan zen behaketa denbora; egileek onartu zuten ikerketa gehiago egin beharko lituzketela.
Berriki eman duzue prentsaurreko bat. Ardura printzipioa ezartzeko eskatu diozue Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Ardura printzipioa 1998an sinatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Kontzeptuak dio metodo bat ez dela erabili behar, uste bada horrek kalteak eragiten dituela edo sor ditzakeela.
Egin dugun ikerketa lanaren ondoren, ondorioztatu dugu errauste plantak arazoak sortzen dituela osasunean. Ikuspuntu medikotik, dioguna da hondakinak erretzea ez den aukera osasungarriago baten alde egin behar dugula. Gure lana ez da baloratzea sistema bat edo beste hobea den. Dimentsio honetako erabaki bat hartzerakoan, gure osasuna izan behar da lehentasuna, OEITko kideon iritziz.
Erakundeekin harremanik eduki al duzue urteotan?
Lanean hasi ginenean, 2004. urtean, orduko Arartekoarekin, Iñigo Lamarkarekin bildu ginen. Hark bakarrik onartu zuen gurekin batera esertzea. Guk eramandako dokumentuak hartu zituen, ez dakigu irakurri dituzten ala ez.
Etorkizun hurbilean alderdi politiko guztiekin biltzeko asmoa ere badugu.
Herritarrak behintzat gero eta kontzientziatuago daudela dirudi.
Orain dela bost urte hitzaldi bat eman nuen, eta lau katu ginen. Aurrekoan, areto osoa bete zen. Horrekin ulertzen dut jendeak gero eta interes gehiago duela gaiarekiko. Informazioa biltzen jarraitu behar dute, iturri desberdinak kontrastatzen eta gaiari buruzko iritzia ematen.