Martxoaren 6ko Lilatoiko 5.000 dortsalak agortu dira jada

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 26a

Izen-emate epea aurreikusi baino pare bat egun lehenago itxi behar izan dute Lilatoiko antolatzaileek. Sinplea da arrazoia: dagoeneko banatu dituzte lasterketarako prestatuta zituzten 5.000 dortsalak. Martxoaren 6an, igandez, Donostiako Bulebarrean elkartuko dira emakume parte-hartzaile guztiak, goizeko hamarretan. Bost kilometroz egingo dute lasterka, hiriburuko kaleak more kolorez jantziz.

Urtetik urtera hazten ari da lasterketa; mila dortsal gehiago jarri dituzte aurten antolatzaileek eta guztiak agortu dira. 5.000 lasterkari horietatik asko izango dira lasarteoriatarrak; iaz 112k egin zuten lasterka. Aurtengoa 27. edizioa izango da; 1989an antolatu zuten lehenengoz Lilatoia.