Jaietako prestakizunak hasi ditu dagoeneko Lasarte-Oriako Udalak. Gazteria, kirola eta festak saileko zinegotzi Txus Alonsok jakinarazi du bi parte hartze prozesu hasi dituztela.
Jaietan blai
San Pedroetara begira proposamenen bat duten herritarrek ‘Jaietan blai’ izeneko eskuorria betetzeko aukera izango dute.
Festetarako edozein eskaera idatz dezakete herritarrek. Ikusi nahiko luketen musika taldea, antolatu nahi duten ekintzaren bat edota jaiak hobetzeko edozein aholku.
Martxoaren 10a baino lehen herrian zehar dauden Udalaren postontzietan sartu beharko dituzte eskuorriak. Alonsok herritarrak gonbidatu ditu euren ideiak partekatzera.
Txoznak
Udalak lau txoznagune jarriko ditu Okendo eta Antonio Mercero plazetan. Edozein elkartek edo ostalarik egin dezake eskaera hilaren 15aren aurretik.
Lauk baino gehiagok izena emanez gero, zozketa egingo lukete, elkarte eta eragileei lehentasuna emanez.
Alkate Jesus Maria Zaballosek azaldu duenez, helburua jaiak ahalik eta talde eta norbanako gehiagorengana zabaltzea da.
Azaldu dutenez, Lasarte-Oriako Udalak txoznak jartzeko lekua utziko luke soilik. Egitura elkarte, eragile edo ostalarien esku geratuko litzateke.
“Herriko talde eta norbanako gehiagoren inplikazioa” lortu nahi dute ekimen honen bitartez. Horregatik, eragile ezberdinak gonbidatu ditu eskaera egitera.
E-mailez edo telefono bitartez egin daiteke, esan bezala, 15a baino lehen.
Guneak esleitzean, “bilera informatiboak” egingo dituztela jakinarazi du Alonsok.