Luismi Uhartek Latinoamerikarekin izan zuen lehen harremana Kuba izan zen. Duela 20 urte brigadista joan zen eta geroztik, hainbatetan izan da bertan, 5 hilabetez bertako unibertsitate batean ere ikasten egon zen. Iaz ikerketa bat egitera joan zen eta honetan oinarrituta, Kubako aldaketa ekonomikoari buruzko bere ondorioak aurkeztu zituen atzoko hitzaldian.
Lehenik, 1898tik gaur egunera arte ibilbide historiko azkarra egin zuen eta data batzuk azpimarratu zituen, 1898 Espainiako independentzia eta AEBren neokolonizazioa, 1953ko altxamendua eta 1959an iraultzaren garaipena, 1989an Kubako sistemaren krisi sakona, 1993an ekonomia liberalizatzeko erreforma eta 2006tik aurrera, Raul Castrok lehendakaritza hartzea. Honetaz gain, momentu horietako batzuen irudiak eskaini zizkien Manuel Lekuonako hitzaldi aretora hurbildu ziren herritarrei.
Ekonomiari buruzko hausnarketa
Ostean, Kuban azken urteetan eman den aldaketa ekonomikoari buruzko hausnarketa egin zuen.
Aldaketa ekonomikoa 1993an hasi zela eta geroztik hiru fase bizi izan dituela aipatu zuen. Lehenik, sistema aldatzera behartua ikusirik, ekonomia bultzatzeko erreformak martxan jarri zituzten liberalizazioak ekonomia bultzatuko zuenaren ustetan. 2000 urtetik aurrera, mapa aldatzen doa Latinoamerikan. Venezuelan gobernu aldaketa dago eta beste hainbat herrialdeetan ere. Txina potentzia bihurtzen da eta laguntza eskaintzen dio. Beraz, neurri ekonomikoak geratzen dira.
Baina 2006tik aurrera, Raul Castrok lehendakaritza hartzen duenetik, azken fasea hasten da eta bertakoen hitzetan, Kubako iraultzaren historiako erreformarik sakonena egitean ari dira. “Guztiek eredu ekonomikoa agortua dagoela ikusten baitute”. Raul Castroren hitzak ekarri zituen Luismi Uhartek, “sozialismo oparoa eta iraunkorra behar dugu”.
Uhartek azaldu zuenez, 2010 eta 2012 urte artean eztabaida bat ireki zen eta eredua aldatzeko neurri batzuk ezarri ziren. Hainbat puntu daude bertan zehaztuak, baina Uharteren ustez hiru oinarri dira jarraitzen direnak, batetik deszentralizazioa, bestetik desestatizazio partziala eta azkenik abestasunaren banaketa eredu berria.
Estatu barne borrokak ere azaldu zituen. Partidu berean dauden hiru korronteak definitu eta hauen helburuak aipatu zituen.
Azkenik, aldaketa ekonomiko honen ondorioz eman daitezkeen balizko agertokiak marraztu zituen.
Sahara
Hitzaldi ziklo honetan aztertuko den hurrengo herrialdea Sahara izango da.
Hurrengo larunbatean, 12:00etan, Andoni Mujikak saharar kanpamentuetako egoera azalduko du.