Behar zituen Ostadar SKT-ek hiru puntuak. Hilabete baino gehiago zeramaten Medinaren mutilek garaipena erdietsi gabe, eta azkenik, Euskalduna menperatu zuten larunbatean Mitxelinen.
Ostadar nagusi lehen zatian
Joko ikusgarririk egin gabe, gehiago izan zen Ostadar partiduko lehen minutuetan. Gorka Briten gola bertan behera utzi zuen epaileak, ustez, jokoz kanpo zegoelako.
Ez lasarteoriatarrek ezta andoaindarrek ere ez zuten aukera askorik eduki lehen zatian, baina Ostadarrek ireki zuen markagailua epaileak atsedenaldia seinalatu aurretik.
Ederki jaurtitutako falta Sergio Barquerok errematatu zuen bigarren zutoinean. Euskaldunako jokalarien ustez, denboraz kanpo etorri zen gola, bainea epailearentzat balekoa izan zen.
Bigarren zati eroa
Hasi eta berehala handitu zuten abantaila urdinbeltzek. Ezker hegaletik landutako jokaldi baten ostean, atzelari andoaindar batek bere atean egin zuen gola.
Ostadarrek kontrolpean zuen partidua, eta Euskaldunako jokalari bat kanporatzean, ez zirudien andoaindarrek markagailuari buelta eman ziezaioketenik.
Baina ez zen hala izan, hamar minututan bi gol egin baitzituzten. Eskuin hegaletik lehena, eta penaltiz bigarrena.
Asko zaildu zitzaion partidua Ostadarri, nahiz eta hamarren aurka aritu. Handik gutxira etorri ziren andoaindarren beste bi kaleratzeak.
Esan beharra dago ez zela partidu beroa izan, eta txartel gorriak nahiko zorrotzak izan zirela. Andoaindarrak ez zeuden pozik epailearen eta bere laguntzaileen lanarekin.
Zortziren kontra Ostadar baloiaren jabe zen, baina kosta egin zitzaion aukera garbiak sortzea. Hegaletatik min egiten saiatu ziren Medinaren mutilak, baina zehaztasuna falta izan zitzaien.
Euskaldunak kontraerasoan aukeraren bat ere izan zuen aurretik jartzeko, baina ezin izan zuten lana amaitu.
Partiduaren azken hauspoan etorri zen saria Ostadar SKT-rentzat. Ezkerretik iritsitako erdiraketa maisuki bukatu zuen Gorka Britek.
Hortaz, hiru puntuak Lasarte-Orian geratu ziren, eta urdinbeltzek arnasa hartu dute denboraldi amaierari gogor ekin ahal izateko.
Hurrena, Mutriku
Partidu gogorra dute Medinaren mutilek hurrengo astean. Mutriku hirugarren da, Ostadarrek baino lau puntu gehiagorekin. Irabaziz gero, berriro ere gertu izango lukete brontzezko postua, Tolosak eta Anaitasunak alde egin dutela dirudien arren.