Intza KE-ko pilotariak sendo

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 21a

Asteburua ona izan da Intza KE-ko pilotarientzat. Izan ere, jokatutako partidu guztiak irabazi dituzte.

Lehen mailakoak finalerdietara

Udaberri txapelketan indartsu dabil Intza. Fase erregularreko partidu guztiak irabazi ostean, Azpeitiko Ilunpe klubeko bikotearen aurka lehiatu ziren Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola.

Lan erdietara arte norgehiagoka borrokatua izan zen. Artetxek eta Elolak gehiago asmatu zuten bigarren zatian, eta azpeitiarrek behar baino pelota gehiago galdu.

22-13ko emaitzarekin finalerdietan izango dira. Hernani eta Antiguaren arteko partiduko irabazlearen aurka lehiatuko dira ondoren.

Mitxelingo frontoietik kanpo lortu beharko dute finalerako txartela. Izan ere, zozketan hala egokitu da.

Bigarren mailako txapeldun izan ostean, beste txapel bat irabazteko aukera dute orain Intza KE-ko pilotariek.

Bigarren mailako txapelketan, bigarren garaipena lortu zuten Gorka Mendizabalek eta Aritz Solanok. Aurrera Saiaz talde tolosarra zuten aurrean, eta 22-10eko emaitza sendoa lortu zuten.

Azken jardunaldian Eibarren jokatzea egokitzen zitzaien, baina erretiratutako taldea izanik, ez da partidurik egongo eta Intzarentzat izango da garaipena.

Dena den, zaila dute hurrengo faserako sailkapena. Izan ere, beste lau talderekin lehiatu beharko dute.