Hassana Aalia aktibistaren hitzaldia bertan behera

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 23a

Larunbatean lau hamarkada beteko dira SEAD Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatua izan zenetik. Urtemuga berezi hori ospatzeko asmoz, hainbat ekitaldi prestatu ditu Saharako Lagunak taldeak.

Gaur lehenengoa aurreikusia bazuten ere, Hassana Aalia aktibistaren hitzaldia. Hau ezingo da gauzatu hizlaria gaixo dago eta.

Jakitera eman dutenez, hitzaldia Hassan osatzera arte atzeratuko da. Data zehaztean jakitera emango dute.

 

Kontzentrazioa larunbatean

Otsailaren 27an, larunbatez, SEAD aldarrikatu zenetik 40 urte beteko dira. Egun horretarako antolatu ditu zenbait ekintza Saharako Lagunak taldeak. Eguerdiko hamabietan kontzentrazioa egingo dute Okendo plazan, 'Maroko Saharatik at, independentzia Mendebaldeko Sahararentzat' lelopean. Horrekin batera, SEADren bandera zintzilikatuko dute udaletxe zaharreko balkoian, egun osoan zehar.
Horiek ez dira larunbaterako prestatu dituzten ekintza bakarrak: Antonio Mercero gunean erakusketa bat jarriko dute. Garikoitz Lasa donostiarrak errefuxiatu guneetan ateratako argazkiak izango ditu ardatz. 11:00etatik 13:30era bitartean gerturatu ahako dute herritarrek aretora. 

Horrez gain, dokumental bat proiektatuko dute Elurtza tabernan, 12:30ean. Tea edateko aukera ere edukiko dute ekitaldira joaten direnek. 

Saharako Lagunak taldeak  aipatutako ekintzatan parte hartzera animatzen ditu lasarteoriatarrak. 

SEADen erreferenduma egiteko kanpaina

Otsailaren 11n agerraldia egin zuten Saharako Lagunak taldeak eta udaletxeko korporazioko hainbat alderditako ordezkariek, Villa Mirentxun. Mendebaldeko Saharan erreferenduma egiteko kanpaina baten berri eman zuen taldeko kide Tomas Arrutik.

Suitzako talde batek bultzatuta, firmak bilduko dituzte, 2017. urtea amaitu aurretik galdeketa egitea posible izan dadin. Egitasmoari babes sinbolikoa emate aldera, hatzak urdinez margotu zituzten agerraldira joandakoek. 

Arestian aipatutakoaz gain, agerraldian “SEADeko gobernu legitimoa eta Frente Polisarioaren zilegitasuna” aitortu zituzten, eta baita saharar herriaren autodeterminazio eskubidea. Maroko agintariei galdegin zieten bertan behera uztea “saharar aktibisten aurkako jazarpena”.