Lasarte-Oria Lantzen' aldizkariaren ale berri iritsi edo iristear da herritarre etxeetara. Jesus Zaballos alkateak honek dakartzan berrikuntzak azaldu zituen astelehenean egindako agerraldian.
Alkateak azaldu moduan, hamaikagarren zenbaki honek udalaren obrei eta jarduerei buruzko informazio zehatza jasotzen du.
Lehenik eta behin, udalbatzako zinegotziek, liberatuak izan edo ez, jasotzen dituzten ordainsarien eta udal-taldeei ematen zaizkien diru-kopuruen berri ematen du.
Tarte zabalena zerbitzu publikoetan eta obren informazioari dagokio, “8 hilabete hauetan bultzada eman baitzaio kaleen mantenuari eta berrurbanizatzeko lanei”.
Aldizkariari bukaera emanez, Udalbatzarrak aldizkariaren itxierako egunera arte hartutako erabaki guztiak eskaintzen dira.
Era berean, aldizkaria argitaratzeak 5.015 eurotako kostua izan duela jakitera eman zuen.
Gardentasunaren bila
Honetaz gain, aldizkariak moldaketa batzuk izango dituela aipatu zuen alkateak.
'Lasarte-Oria Lantzen' seihilabetekaria izango da, eta udaleko arlo guztietako informazioa eskainiko du, zehazki haien jarduera nagusiei eta kanpoko kontratazioei informazioa eskainiko da.
Aipatu zuenez, Udalak martxan dituen proiektu guztien informazioa eta modu aseptikoenean ematen saiatuko da, “nor ari den lan hori aurrera eramaten eta zer kostu duen azalduz”.
Helburua informazioa herritarren eskura jartzea da, “gardentasun handiago baten mesedetan”.