Itsaspeko zinema zikloari amaiera uharri artean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 23a

Atzo arratsaldean itxi zituen ateak Itsaspeko zinema zikloaren aurtengo edizioak. Hainbat herritar gerturatu ziren emanaldira; 'Liquid Mirror' eta 'Uharriak. Bizitza oasia' dokumentalez gozatu zuten.

Proiekzioei ekin aurretik, zikloaren antolatzaileek hartu zuten hitza. Danok Kide elkarteko Jesus Mari Egizabalek eskerrak eman zizkien otsaileko astelehenetan zehar kultur etxera gerturatutako herritarrei. Nabarmendu zuen "aurreko zikloak baino jendetsuagoa" izan dela aurtengoa, eta dagoeneko hasi direla lanean 2017ko edizioan.

Nano Cordovilla itsaspeko argazkilari eta Real Sociedad klubeko zuzendariari pasatu zion mikrofonoa Egizabalek. Atzo proiektatu zituzten bi lanak -'Liquid Mirror' eta 'Uharrioak. Bizitza oasia' dokumentalak- aurkeztu zituen Cordovillak. Bigarrenari buruz honakoa esan zuen: "Inoiz ekoitzi den dokumentalik ederrena da; irudiak benetan ikusgarriak dira". 

Atzoko emanaldira gerturatu ziren herritarrek frogatu zuten Cordovilla ez zebilela gezurretan. Aurrena, Miguel Lozano munduko apnea txapeldunordearekin batera egin zuten igeri urpean, 'Liquid Mirror' proiekzioan. Ondoren, Lurra planetako ozeano hondoetara bidaiatu zuten, uharri artera zehazki. Zinema aretoetan sekula ikusiak izan ez diren irudiez gozatu zuten ikusleek.