Viña del Mar, Buenetxea, Arkupe eta Lasarte tabernetan ardo dastaketa egiteko aukera izan zuten hainbat herritarrek asteartea eta asteazkenean.
Viña del Mar eta Buenetxean izan zen lehen jardunaldia; bigarrena, berriz, Arkupe eta Lasarte tabernatan.
Ardoak ezagutzen
Adi jarraitu zituzten herritarrek upeltegietako ordezkarien azalpenak. Upeltegien historiaren berri izan eta ardoak nola ekoizten dituzten azaldu zieten.
Honetaz gain, parte hartzaileek ardoen ezaugarriak ezagutu eta hauek bereizten ikasi zuten. Horretarako upeltegietako ardo ezberdinak dastatu ahal izan zituzten, ardo txuria, ondua, gorrixka... eta edariari laguntzeko hizka-mizkak ezberdinak izan zituzten.
Harrera ona
Lau tabernetako kideak pozik agertu ziren jardunaldiek izandako harrerarekin.
Herritar ugarik hartu zuen parte saio bakoitzean, eta upeltegietako arduradunak ere gustura agertu ziren lasarteoriatarrek emandako erantzunarekin.
Asteartean Viña del Mar tabernan Biasteriko Gomez Segura upeltegiko ardoa dastatu zuten eta Buenetxean Lerin herriko Alconde upeltegikoa. Asteazkenean Arkupen Oliteko Marco Real izan zuten dastagai eta Lasarten Biasteriko Launa.
Herri gastronomikoa
Lasarte-Oriako Udalak eta Aterpeak aurten martxan jarritako Lasarte-Oria Gastronomikoa proiektuaren baitako ekintza dugu ardo dastaketa.
Honen bitartez, 2016 urtean Lasarte-Oria herria gastronomikoki nabarmentzeko ekimenak egingo dira.
Honetaz gain, Aterpeak aipatu duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere izan dute jardunaldiak aurrera eramateko.