El Duesoko espetxera martxa otsailaren 20an

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 13a

Lasarte-Oriako ezker abertzaleak El Duesoko espetxera (Kantabria) joateko martxa antolatu du otsailaren 20rako. Autobusa goizeko zazpietan irtengo da erdialdeko biribilgunetik, eta 17:00ak aldera bueltatuko da herrira. Txartelak salgai daude oraindik 10 euroan, taberna hauetan: Ilargi, Trumoi, Elurtza, Gure Etxea eta Artizar. Antolatzaileek jakinarazi dute "dezente" saldu direla dagoeneko, eta herritarrei "lehenbailehen" erosteko ohartarazi, astearterako eman nahi baitiote forma irteerari.

Ezker abertzaleak "espetxe guztietara bisitak" antolatu ditu otsailaren 20rako. Lasarte-Oriakoa ere ari da egitasmo hori prestatzen: El Duesoko espetxera (Kantabria) egingo dute bisita; Rafa Diez herritarra dago preso kartzela horretan.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, autobusez joango dira bertara. Goizeko zazpietan aterako da erdiguneko biribilgunetik, eta arratsaldeko bostetan itzuliko da herrira. Txartelak eskuragarri dituzte herritarrek, 10 euroan, honako tabernetan: Ilargi, Trumoi, Elurtza, Gure Etxea eta Artizarren. Tiketak "lehenbailehen" erosteko gomendatzen dute ezker abertzaleko kideek, dagoeneko "dezente" saldu dituztelako eta astearterako eman nahi diotelako forma irteerari.

Egun horretarako egitaraua ere ari dira prestatzen antolatzaileak. Oraindik ez dute erabat zehaztu, baina jakinarazi dute Rafa Diezek jasoko duela bisita bat. Gainera, hamaiketakoa egiteko aukera edukiko dute martxara doazenek; hala ere, egun osoko plana izango denez, norberak janaria eramatea ere aholkatzen dute. Musikaz girotua egongo da irteera, ziurrenik.

Sei preso politiko lasarteoriatar

Ezker abertzaleak gogorarazi du herritarrak diren "sei preso politiko" daudela "haien oinarrizko eskubideen aurka espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuta": Aitzol Iriondo Moulin Yzeure espetxean (697 kilometrora), Ibon Fernandez Lannemezanen (237 km.), Peio Eskisabel Uzerchen (470 km.), Javi Gallaga Kordoban (841 km.), Santi Arrozpide Estremeran (512 km.) eta Rafa Diez bera El Dueson (163 km.).

Otsailaren 20ko martxaz gain, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek hainbat ekimen burutuko dituzte otsailaren 15etik 20ra bitartean, "larriki gaixo dauden presoen askatasuna" eskatzeko: itxialdia, bazka-errefusa, propaganda ekimenak eta planto informatiboak, besteak beste. Otsailaren 20an bertan, larunbatez, guztiek baraualdia burutuko dutela iragarri dute. 

'Abian' gogoeta prozesua

Espetxeetara martxa antolatzearekin batera, ezker abertzaleak nahi du presoek 'Abian' gogoeta prozesuan parte hartzea. Egitasmo hori "herriz herri egiten hasiak" direla zehaztu du ezker abertzaleak, eta "lehenengo batzarra epe motzean" egingo dutela.

"Ezker abertzaleko oinarri militanteari eta kidetza sozialari" luzatzen die gonbita prozesuaren antolatzaileak; "elkarrekin eztabaidatzea eta erabakiak hartzea" dira helburuak. Era berean, jakinarazi dute kaleratu dela jada eztabaida txostena: www.ezkerabertzalea.info web orrialdean eskura dezakete interesa dutenek.