ISU Leihoak harreman berezia dauka 3 zenbakiarekin. Hona hemen zergatia: azkeneko hiru norgehiagokak jarraian irabazita, Gipuzkoako 1go mailako hirugarren postuan da orain Eneko Molinaren taldea. Ez da hor bukatzen: Lauburu KE Ibarra taldea 3-1 azpiratuta zakuratu ditu atzo gauean jokoan zeuden hiru puntuak. 31 ditu orain.
Oso garrantzitsua, berebizikoa zen atzoko partidua herriko taldearentzat. Kantxara irten aurretik 28na puntu zituzten bi taldeek; irabazten zuenak aurrerapauso handia emango zuen, goreneko postuetan mantentzeko eta, zergatik ez, sailkapeneko lehen bi taldeengana hurbiltzeko.
Erritmo bizia
Lehenengo zatiko erritmoa bizia izan zen oso. Azkar batean mugitu zuten baloia bi taldeek alde batetik bestera, baina etxekoenak izan ziren aukera garbienak. Insistentziak saria dakar askotan, eta horrela izan zen Molinaren jokalarientzat: kontraeraso baten ostean, Roberrek maisuki zulatu zuen Laubururen atea.
Gipuzkoako 1go mailan ezin da minutu bakar batez erlaxatu ordea, arerioak edozein abagune baliatu baitezake gola sartzeko. Horrela egin zuen kanpoko taldeak, banakoa ezarriz markagailuan.
Bi taldeak berdinketarekin joan ziren atsedenaldira, baina ez hori saihesteko aukerak eduki ez zituztelako. ISUk, batez ere: Unai Ituartek zutoinera bidali zuen jaurtiketa, korner eta falta jaurtiketa arriskutsuak, Arkaitz Arroyok urrutitik eginiko jaurtiketa pare bat... Hiru puntuak nahi zituzten etxekoek, kosta ala kosta. Atseden hartu ostean berriro saiatuko ziren.
ISU nagusi bigarren zatian
Lehenengoan egin bezala, ISU Leihoak jaun eta jabe izan zen bigarren zatian ere. Abaguneak sortzen jarraitu zuen, eta horietako batean Unai Ituartek 2-1ekoa ezarri zuen markagailuan.
Areto-futbolean, beste zenbait diziplinatan bezala, bi modu daude, markagailuan aurretik zoazenean, hori baliatu eta hiru puntuak eskuratzeko: defentsa-lana ongi egitera mugatu eta sufritu, edo lasaitasunaren golaren bila abiatu. Bigarren bidea aukeratu zuten etxekoek, eta asmatu zuten; Arkaitz Arroyok 3-1ekoa sartu zuen jokalari eta zale lasarteoriatarren gozamenerako.
Kiroldegiko kantxan hainbat paper zuri ikusi ahal izan ziren, baina ez etxekoek gaizki jokatu zutelako edo epaileak oso lan txarra egin zuelako. Ez. Etengabeko euri-jasa zela kausa, hainbat itogin eratu ziren teilatuan, kantxa bustiz. Jokalariek paper zatiak jarri zituzten irrist ez egiteko eta oinetakoak lehortzeko.
Bolada onarekin jarraitzeko asmoz
Atzoko hiru puntuekin, hirugarren postuan kokatu da Eneko Molinaren taldea. Bolada onari jarraipena emateko aukera polita edukiko dute datorren asteburuan, Irudek Barrantol azken sailkatuaren aurka neurtuko baitituzte indarrak. Partiduak irabazitzat ezin dira eman inoiz, baina atzoko joko-maila mantenduz gero aukera gehiago izango dituzte herritarrek balantza euren aldera desorekatzeko.