Barrenak askatzeko ariketa Abend Kafe Antzokian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 14a

Hainbat herritarrek 'Ez gara Palestinaz ari' emanaldiaz gozatu dute gaur arratsaldean, Abend Kafe Antzokian. Xumela abesbatzak hamar urte betetzen ditu aurten, eta hainbat ekitaldi ari da antolatzen hilabeteotan, gaurkoa barne.

Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek sortutako ikuskizuna da; Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariekin batera oholtzaratu ohi dute. “Beti bizi gara kanpora begira, Palestinan, Sirian edota Euskal Herrian bertan gertatzen direnei buruz hitz egiten dugu etengabe, baina gutxitan jartzen gara ispiluaren aurrean gu geu aztertzen”, esan ohi du Muñoak, ekitaldiari buruz aritzen denean. Ariketa hori egitea proposatu diete bi bertsolariek Abendera bertaratutako ikus-entzuleei: norbere burua ispiluaren aurrean ipintzea eta barreneko sentimenduak askatzea. Ikuskizunaren pasarte batean, Xumelako kideak ere igo dira oholtza gainera, abestietako batean parte hartzera.

Ekitaldi amaieran, txalo zaparrada luze batekin saritu dute ikusleek batzuen eta besteen jarduna. Bi urte eta gero, emanaldiaren sortzaileak berriro aritu dira Lasarte-Orian.