Aitor Manso karting pilotu herritarra saritu du Euskadiko Automobilismo Federazioak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 15a

Euskadiko Karting txapelduna izan da Aitor Manso gaztea, hirugarren aldiz segidan. Kadete mailan eskuratu zituen 2013 eta 2014ko garaikurrak, eta junior kategorian 2015ekoa. Euskadiko Automobilismo Federazioak saritu egin zuen herritarraren denboraldi paregabea, Zumarragako ermitan ospatutako galan. Erakunde horretako presidente Txema Cebrianek eman zion garaikurra Mansori.

Sei proba irabazi zituen Mansok (hiru Euskal Herrian eta beste hiru Kantabrian) 2015ean, 'Iparraldeko I. Karting Open' delakoa irabaziz. Euskadikoaz gain, Kantabriako Erret Automobil Elkarteak ere saritu zuen pilotu gaztea, urtarrilaren 17an. AVIA enpresak 1.000 euroko diru-laguntza eman dio Mansori, erregai-gastuak finantzatzeko.