Lehengo asteko astelehenean Itsaspeko Zinemaren Zikloari hasiera eman zitzaion Manuel Lekuona kultur etxean. Atzo, berriz, bigarren jardunaldia egin zuten leku berean. Guztira, lau bideo ikusi zituzten bertaratutakoek. Horien artean, euskarazko "Ruta Molucas".
Umorea itsasoan
Manuel Gil-en "El Mero Calimero" film laburra proiektatu dute lehenengo. Gironako Medas Uharteetan filmatutako istorio surrealista da. Hiru erretiratuek, bertan ehundaka aldiz urpekaritzan aritu ostean, arrain eta urpeko animaliekin elkar eragitea posible dela erakutsi dute.
Istorio umoretsua da, batez ere. Gizaki eta arrainen arteko zentzu gehiegirik gabeko elkarrizketa barregarriak azaltzen zaizkigu, eta bertaratutako herritarrek ongi pasatu dute proiekzioarekin.
Irla urdina
Kosta Arrokatsutik Kanariar Uharteetara egin dute jauzi, ondoren. Rafa Herreroren "La Isla Azul"-ek La Palma irla du ardatz. Jatorri bolkanikoa du, eta bere sorrera eta bilakaera geografikoa eta fauna azaltzen ditu dokumental motz honek.
Besteak beste, bertako sumendi pasabideetan soilik bizi diren otarrain "margotuen" irudi ikusgarriekin gozatu dute ikusleek.
Indonesiako uharriak
Euskaraz proiektatu dute "Ruta Molucas". Indonesiako Molucas Uharteetatik Lembeh-ko itsasarteko arrezife arteko bidaiaren grabazioa da. Sulawesi Uharteko uharri horiek biodibertsitatean anitzak dira oso, eta irudi ikusgarriak ditu filmak.
Asiako hego-ekialdeko ibilbide horiek "espezien bideak" bezala ezagutzen ziren XV eta XVI. mendeetan. Piperbeltza eta intxaur muskatuaren garraioan garrantzia handia zuten ur bideak ziren. Gaur egun, ur azpian dago ikuskizuna, "urpeko paradisu" bezala baitute urpekaritzan aritzen diren askok.
Cousteau-ren urratsei jarraituz
Egungo uprekaritza ezin daiteke ulertu Jacques Yves Cousteau frantziarraren ekarpenak kontuan hartu gabe. Hark asmatu zituen 40ko hamarkadan gaur egun, oraindik, erabiltzen diren "birika" edo oxigeno doitzaileak.
Mexikoko Cozumel Uharteek maitemindu zuten Cousteau. Karlos Simon madrildarraren "Cozumel" filmak bertako paisaietatik egindako bidaia erakusten digu.
Azken saioa, datorren astelehenean
Hilaren 22an, hurrengo asteko astelehenean, amaituko da Nazioarteko Itsaspeko Zinemaren Zikloa Lasarte-Orian. Bi film proiektatuko dituzte. Lehena "Liquid Mirror" izeneko musika bideo motza. Ondoren, "Uharrioak, bizitza-oasia" film luzea. Koral-Uharrioak izango dira dokumentalaren ardatza.