Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakaria, Arkupe, Buenetxea, Lasarte eta Viña del Mar tabernetako ordezkariak eta Beatriz Juez Merkataritza batzordeburua izan ziren atzo arratsaldean ardo dastaketaren berri eman zutenak. Ekintza hau Lasarte-Oria Gastronomikoa ekimenaren baitan antolatu da.
Ramon Ormazabalek azaldu zituen ekimen honen nondik norakoak. Aterpeako ostalaritza arloak egiten duen lehen ekintza dela azpimarratu zuen eta eskerrak ema zizkien ekintzan parte hartzen duten lau establezimenduei, Viña del Mar, Lasarte, Buenetxea eta Arkupe tabernei.
Ardo dastaketa jardunaldiak otsailaren 23a asteartea eta 24a asteazkena izango dira, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara.
Egun bakoitzean bi establezimenduetan dastatu ahalko dira ardoak. Otsailaren 23an, Viña del Mar tabernan Biasteriko Gomez Segura upeltegiko ardoa dastatuko da eta Buenetxean, berriz, Nafarroako Lerin herriko Alconde upeltegikoa. Otsailaren 24an, Arkupen Oliteko Marco Real upeltegiko ardoa izango da eta Lasarte tabernan, Biasteriko Launa upeltegikoa.
Ardo dastaketan parte hartu nahi duten herritarrek tabernetan bertan izena eman behar dute eta bost euro ordaindu beharko dituzte. Partehartzaile kopurua mugatua izango da.
Beatriz Juez Merkataritza batzorde buruak eskerrak eman nahi izan dizkio Aterpea eta lau tabernei ekintza hau antolatu eta honetan parte hartzeagatik.
Era berean, ardo-dastaketaren alde hezitzailea azpimarratu nahi izan zuen. "Lasarte-Oria herri Gastronomikoa izatea dugu helburu eta ikastaro honen bitartez gure ostalariek bikaintasunaren bidean pauso bat ematea espero dugu".