Ipuinak eta eskulanak Amaraun klubean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 19a

Mugimendu ugari egon da Amaraun klubean aste honetan. Izan ere, Lasarte-Oriako txikiei zuzendutako zenbait ekintza egin dituzte. Asteartean ipuin kontalarien istorioekin gozatu zuten, eta asteazken eta ostegunean HH5 eta LH2 bitarteko haurrek tailer berri bati ekin zioten; eskuak eta horien erabilera ditu ardatz. Martxoa bitartean luzatuko da, eta talde bakoitza astero bilduko da eskuekin zerikusia duten ekintza ezberdinak egiteko eta gaitasunak trebatzeko asmotan.

Ekintza ezberdinekin gozatu dute Amaraun klubeko txikiek aste honetan. Ipuin kontalariaren bisita jaso zuten asteartean, eta eskulan saioak egin zituzten asteazken eta ostegunean.

Naturako elementuak jorratu dituzte ipuinetan. Ilargiari buruzko kontakizunean haizea izan dute hizpide, eta hurrengo saioetan itsasoari eta lurrari buruz arituko dira.

Ipuina amaitzean, ekintza osagarriak egin dituzte entzundako kontakizunen inguruan. Besteak beste, antzerkiak, masajeak eta eskulanak.

Eskuak erabiliz

Asteazkenean eta ostegunean HH5 eta LH2 arteko haurrek tailer berria hasi dute aste honetan. Eskuen erabileran trebatzea du helburu.

Egingo dituzten ekintzak ez dira ohiko eskulanetara mugatuko.

Lehenengo saioan, aste honetan alegia, esku jolasak eta masajeak landu dituzte. 

Material birziklatuarekin osatutako txotxongiloak egingo dituzte hurrengoan.

Pasta moldeatu eta margotuko dute hirugarren eta laugarren saioetan. Azkenekoan, berriz, zeinu hizkuntza landuko dute.

Ondo pasatzeaz gain, eskuekin duten trebezian  eta gaitasunetan sakonduko dute astean behin. Helburua “eskuekin egin dezaketen guztiaz” konturatzea da aipatu dute antolatzaileek.

Tailerrak erantzun egokia jaso du. Izan ere, bai asteazkenetako baita ostegunetako saioak ere betetzear egon dira,  eta oso plaza gutxi geratu dira libre. Gainera txikiak “oso gustora” aritu direla azpimarratu dute antolatzaileek.

Datozen saioak

Martxoan bueltatuko da ipuin kontalaria. 15ean, arratsaldeko 17:30etan, naturako beste elementu bat jorratuko dute Amaraun Ludotekan.

Apirilean beste saio bat egiteko asmoa ere erakutsi dute antolatzaileek. Halere, data zehaztu gabe dago oraindik.

Hilabeteko iraupena izango du, aldiz, eskuak trebatzeko tailerrak. Hau da, martxoaren 17ra eta 18ra arte arituko dira asteazken eta ostegunero.