Arantza Agirreren koadroak ikusgai Jalgin

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 11

Herritarrek gozatu dezakete jada Jalgi Kafe Antzokiak otsailerako prestatu duen erakusketarekin. Arantza Agirre artista segurarrak hainbat teknika erabiliz margotutako koadroak jarri ditu ikusgai.

Olioa margo, serigrafia, grabatua, akuarela... Hainbat arte diziplina jorratu ditu Arantza Agirre segurarrak, duela hamar urte margolaritzaren munduan murgildu zenetik. Jalgi Kafe Antzokiko hormetan eskegi ditu horietako zenbait; otsailean zehar edukiko dituzte ikusgai bezero eta arte-zaleek.

Hasieran, koadroak lagunartean edo etxean erakustera mugatu zen Agirre, baina urteen poderioz margolanak plazaratzea erabaki zuen. Azkeneko bi urteetan aretoz areto ibili da artista, haren obrak erakusten: azkena, Donostiako Bulebarrean, pasa den igandean. Hernanin ere bat dauka jarria, zenbait tabernatan erakutsi izan ditu, Irungo Kutxako sukursal batean, eta abar.

Zaletasuna eta espresio-bidea da margolaritza Arantza Agirrerentzat: haren burua ezagutzera eraman du, eta barneko sentimenduak plazaratzeko bidelagun izan du baita ere.