Agirretxe abuztuan izan zen brigadista moduan Palestinan. Bizitako esperientziak partekatuko ditu bertaratutakoekin, ‘Palestina, jo puntuan’ izeneko hitzaldiarekin.
Aurkezpenean azaldu zuenez, palestinarrek euren egoera “ikusiarazi” nahi dute beste herri batzuetan. Beraz, bisitan joaten diren pertsonak gonbidatzen dituzte ikusitakoa ezagutaraztea.
Olibondoa landatu
Palestinari zuzendutako ziklo honi jarraipena emateko beste ekintza bat egiteko asmoa dute igandean.
Okendo plazatik abiatuko dira goizeko 12:00etan eta olibondoa landatuko dute.
Erabat sinbolikoa den zuhaitza da olibondoa. Diotenez, lehenengo olibondoak Palestinan topatu ziren, eta bertako biztanleentzako ezinbestekoa da olibaren ekoizpena biziraupenerako.
Halaber, erresistentzia baketsuaren sinbolo ere badira. Nekazal guneetan jasaten dituzten erasoetan olibondoak suntsitzen dituzte.
Palestinar batek ‘Via Palestina’ izeneko dokumentalean dioenez, “suntsitzen duten zuhaitz bakoitzeko, hamar landatuko ditugu guk”. Beraz, olibondoak landatzea kolonizazioari aurre egiteko bidea ere bihurtu da.
Hurrena, Kuba
Hilaren 24an ‘Lasartetik mundura, mundutik Lasartera’ zikloko fokoak Palestinatik Kubara bidaiatuko du.
Egun horretan, udaran han egondako herritar talde batek argazki diaporama egingo du Xirimiri Elkartean, merienda kubatarraren laguntzaz. 26an, berriz, EHUko irakasle den Luismi Uhartek Kubako egoerari buruzko hitzaldia emango du kultur etxean.