Lasarte-Oria eratzearen 30. urteurrena ospatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 12a

Otsailaren 15ean, astelehenez, Lasarte-Oriako udalerria eratu zeneko 30. urteurrena ospatzen da. Hori dela eta, Lasarte-Oriako Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu hori ospatzeko.

Lehena larunbat honetan egingo da Manuel Lekuona kultur etxean.

Ekitaldiak bi zati izango ditu. Lehenik Julian Sagardiak 1986ko otsailaren 15ean grabatutako irudiekin egindako bideoa ikusi ahalko da.

Ondoren, Zero Sette akordeoi orkestrak eta Julianek berak prestatutako 'Gogoratzen duguna gara' diaporama musikatua berriz ikusteko aukera izango da eta Lasarte-Oria zenbat aldatu den ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek.

Zero Sette akordeoi orkestrako kideek azaldu digutenez, “herritar asko geratu zen diaporama ikusi nahian eta Udalak urteurrenaren harira eskaintzeko eskatu zigun”.

Lasarte-Oriako argazki zaharrez eta gaur egungoez osatutako erakustaldia da. Herriko kale, plaza, etxe, baserri, saltoki eta leku adierazgarri asko, baita jaiak ere daude bertan islatuak. Eskusoinu doinuek zuzenean lagunduko dituzte irudiak, kantu ezagunak eta modernoak eta batzuk Lasarte-Oriarekin lotuak nahastuko dituzte emanaldian.

Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak Manuel Lekuonan eskuratu behar dira gaur 10:00etatik 13:00era eta 17:00etatik 20:00etara.

Eraketa eguna

Bestalde, astelehenean bertan, bi ekintza antolatu ditu.

Lasarte-Oriako udalerriaren lehen udalbatzarra Ama Brigitarren komentuko kaperan egin zen. Hori dela eta, Ama Brigitarren komentuan 11:00etako mezara hurbilduko dira udal ordezkariak.

12:00etan, berriz, Udala eratzeko osoko batzarraren akta irakurriko da batzar-aretoan.

Lasarte-Oriako Udalak herritarrak ekintza hauetan parte hartzera gonbidatzen ditu.