Dantza, umorea eta musika Jalgin

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 13a

Ikuskizun gaua izan zen atzokoa Jalgi Kafe Antzokian. Lehenik, Nabarro ta Lauraren emanaldiaz gozatu zuten bertaratutakoek, eta Liher taldearen kontzertuaz ondoren.

Umorea, dantza eta musika. Ostiral gau baterako plan ezin hobea. Osagai horiek eduki zituzten Jalgi Kafe Antzokiko atzo gaueko bi emanaldiek. Hainbat ikusle gerturatu ziren bertara, horiez gozatzera.

Nabarro ta Laura bikoteak umorea eta dantza uztartu zituen. Lehenengoak bakarrizketa saio bikaina eskaini zuen, euskaraz, eta bigarrenak ekialdeko hainbat dantza estilo ekarri zituen Jalgiko oholtzatxora. Aitor Navarrok eta Laura Muñozek osatzen dute bikote bitxi eta aldi berean ikusgarria. Inguruko hainbat areto eta tabernetan arituak dira bi artistak.

Liherren emanaldi indartsua

Nabarro ta Laurak amaitu ostean, Lide Hernando donostiarrak (Liher da izen artistikoa) hark konposatutako kantu-sorta aurkeztu zuen, taldeak lagunduta. Bakarlari gisa hasi zen Liher, baina kontzertuak eskaintzerakoan beste hiru taldekiderekin batera aritzen da normalean.

Indarrez betetako abestiak eskaini zituzten, ikusleen gozamenerako. Aurreko urteko maiatzan zazpi abestiz osatutako maketa grabatu zuen kantautore donostiarrak: 'Arrazoi gutxi, denbora asko'. Hainbat elkarrizketatan disko bat kaleratzeko asmoa agertu izan du Liherrek.