Lasarte-Oria Inauterietako prest

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 3a

Inauteriak ate joka ditugu. Lasarte-Orian asteburuan izango da jai handia. Larunbatean, itsasoko animalia eta pertsonaiek hartuko dituzte kaleak; igande, arratsaldean, berriz, Euskal Inauteriek haien doinu eta dantzekin alaituko dituzte kaleak.

Nahiz eta aurreko astean  Lasarte-Oriako Udalak Inauterietako egitarauaren aurrerapen bat egin, aatzo arratsaldean Inauterietan parte hartuko duten konpartsekin batera ofizialki aurkeztu zuen Lasarte-Oriako Inauterietako egitaraua.

Zabaleta, Zentro Zibikoa, Tekilak, Naste Borraste, Larramendizaleak, Jalgune, Ttakun, Intzak Parrandan, Elkar eta Erketzeko ordezkariz gain, Kultur eta Jaiak arloetako teknikariak, Jesus Zaballos alkatea, Txus Alonso Jaietako batzordeburua, Maite Iglesias Kultura batzordeburua eta Jose Mari Urdampilleta Zerbitzuetako batzordeburua izan ziren agerraldian.

Bertan egun hauetan Lasarte-Oria itsaso-zati bat izango da dela eta festarako dena prest dagoela azpimarratu zuten.

Musika eskola

Lasarte-Orian ohitura bilakatu den modura, Udal Musika eskolako kideek emango diote hasiera Inauteriei ostegun gizen egunean.

Kontzertu bufoak Inauterietako giroaz beteko du Manuel Lekuona kultur etxea. Abesti klasikoetatik gaur egungo doinuetara, instrumentu ezberdinetako talde, bikote edo bakarlariek egitarau anitza eskainiko dute

Ikastetxeak

Ostiralean, berriz, ikastetxeetara iritsiko da Inauteria. Sasoeta ikastetxean, 15:30etik aurrera musika eta txokolate jana izango dira. Pablo Garaikoetxea ikastetxean, berriz, Euskal Inauteriak egingo dituzte eta Zubietako eraikinean itsasoarekin zer ikusia duten pertsonaiek izango dute protagonismoa.

Itsasoa

Larunbatean, itsasoa bilakatuko da Lasarte-Oria eta Okendo plazan bilduko dira itsasoko animalia eta pertsonaia ezagun guztiak.

12:00etan konpartsa parte-hartzaileen aurkezpena egingo da. Intzak Parranda taldeari dagokio jaiari hasiera ematea.

Horren ostean, Zabaleta, Zentro Zibikoa, Tekilak, Naste Borraste, Larramendizales, Jalgune, Ttakun, Elkar eta Erketzeko lagunen ekitaldi txikiak oholtzan ikusteko aukera izango da.

Taldeen aurkezpena egiten den bitartean, mozorrotuta daudenek sagardo barrikoteaz gozatu ahalko dute plazan daudenek eta nahi duenak ere, pintxo-poteoa egin ahalko du Oaintxe in Deu txarangak! girotuta.

14:00etan, karroza-lehiaketaren eta bazkari herrikoiaren txanda izango da. Udal ordezkariek gogoratu zuten, bazkarirako nork bere janaria eraman beharko duela.

16:00etan, Gazte Klubeko gaztetxoek Super Bingo egingo dute eta 17:00etan karrozen eta konpartsen desfilea abiatuko da.

Ibilbidea amaitzean, konpartsetako kideentzat txokolate jana izango da eta Bide batez taldearen erromeriak dantzan jarriko du plaza.

Eguna amaitzeko, Jotatxo DJa Okendoko karpan ariko da 23:00etatik aurrera.

Euskal Inauteriak

Igandean, aldiz, Euskal Inauterien txanda izango da. Berritasun gisa, aurten arratsaldez izango dira. Gainera, Nafarroa Iparraldeko Zubieta eta Ituren herrien antzera, Zubieta eta Lasarte-Oria artean egingo da desfilea.

16:00etan, zubietarrek dantzaldi txiki bat egingo dute Zubietako plazan. Ostean, Hipodromoko zubiraino musiko taldearen laguntzaz desfilea egingo dute.

Bertan, 16:30ak aldera, lasarteoriatarrek harrera egingo diete eta txokolate jana izango da. Hau amaitzean, elkarrekin dantzatuko dira zubietarrak eta lasarteoriatarrak.

17:45ean, abiatuko da berriro Euskal Inauterietako konpartsa eta Lasarte-Oriako erdialdeko kaleetatik barrena musikaren erritmora hainbat dantza eskainiko dituzte.

18:30ean, Okendo plazara iritsi eta suaren ekitaldia egingo da, baita Ttirriki Ttarraka eskolako eta musikari taldearen eskutik erromeria ere.