Herritarrak santa eskean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko otsailaren 4a

Santa Ageda bezpera izaki, Landaberri ikastetxeko haurrak eta herriko zenbait elkarte kalera irten dira, egurrezko makilak eskuan, santa eskea egitera. Abestiak dioen bezala, eztarriz sano dabiltzala erakutsi dute guztiek, Lasarte-Oriako bazterrak ederki girotu baitituzte.

Egurrezko makilak eskuetan, Landaberriko haurrak eta herriko zenbait elkarte (Zabaletako auzotarrak, Erketz, Xumela abesbatza, Earra! bertso eskola...) santa eskean aritu dira gaurko egunean zehar, oles egin bitartean Lasarte-Oriako kale eta baserriak girotuz. Abesti ezagunak dioen bezala, eztarriz sano dabiltzala erakutsi zuten guztiek eta koplaka aritu ziren, hotzari aurre eginez.

Landaberriko ikasle gaztetxoak izan dira Agedari koplak eskaintzen lehenengoak. Eguerdi aldera jaitsi dira ikastetxetik, eta erdigunetik aritu dira kantuan eta makilak astintzen. Ikusmira handia sortu du emanaldiak; hainbat senide eta gurasok haurrekin batera burutu dute ibilbidea. Trikitixa eta txistuaz lagunduta kantuan egin bitartean, zenbait kide bueltaka ibili dira izara zuri bat eskuan, ikusleen txanpon eta jakiak (patxintxiak, esaterako) biltzen, pozarren.  

Arratsaldean, elkarteak

Zabaletako auzotarrak arratsaldeko seietan irten dira Antonio Blas plazatik. Inguruko baserrietara joan dira giro ederrean, egurrezko makilak eta lastozko otarretxoa hartuta, eguraldi hotzari eztarriekin aurre eginez. 

Handik ordu erdira, Erketzeko kideek euren ibilbide tradizionala burutu dute: entsegu-gelatik (Sasoeta-Zumaburu ikastetxean) irten, Ainhoa tabernan geldialditxoa egin eta herriko kaleetan zehar ibili dira ondoren.

Azkenik, Xumela abesbatzako eta Earra! bertso eskolako lagunak ere ibili dira santa eskean, arratsaldean zehar. Okendo plaza ondotik ekin diote ibilbideari, Ttakun KEren egoitzatik hain zuzen. Jalgi tabernan aritu ostean, Brigitarren Komentura ere gerturatu dira; pozarren entzun dituzte bertako mojek Xumela eta bertso eskolakoek abestutako koplak.