Santa Ana eguneko ospakizunetan denetik egin ahalko dute herritarrek. Esaterako, pintxo goxoak jan herriko hainbat ostalariren eskutik: Arkupe, Lasarte, Viña del mar, Buenetxea, Yolanda, Izurde eta Sancho tabernek eta Goiegi jatetxeak hartuko dute parte hirugarren edizioan. Aterpea merkatarien elkarteak, Udalaren Sozioekonomia batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Garapen sailak antolatu dute egitasmoa, elkarlanean. Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek eskerrak eman zizkien parte-hartzaile guztiei.
Pintxoek bi osagai nagusi izango dituzte: bakailaoa eta piperrak. Ormazabalek zehaztu zuenez, duela hiru urte atzera, Santa Ana egunean pintxoak sartzea otu zitzaienean, herriko familia batekin jarri ziren harremanetan, Goiegi jatetxea eramaten zuenarekin hain justu, pintxoa egiteko osagai aproposenei buruz galdetzeko.
Familia horretako kideetako bat da Juan Luis Eizmendi sukaldaria. Hark azaldu zuen zehatz-mehatz nondik datorren bakailaoa eta piperrak erabiltzeko ideia: "Gure amona Maria Luisak Goiegi jatetxea ireki zuenean, haragia egiteaz gain, bakailao kazuelak saltzen zituen; osagai hori oso adierazgarria da gure jatetxean, hasieratik egon den bat. Amak eta izebak gomendatu zidaten arrain hori erabiltzeko pintxoak egiteko, eta tomate zein piperrekin hornitzeko gero".
Beatriz Juez Sozioekonomia batzordeburuak hitz egin zuen Udalaren izenean. Hark ere eskerrak eman zizkien egitasmo honetan parte hartzen duten guztiei, euren inplikazioa nabarmenduz. "Espero dugu Santa Ana egunean pintxo goxo hauez gozatzea, eta gaurkoa [atzokoa] bezalako egun eguzkitsua egitea", gehitu zuen.