Udako Txokoetako haurrek abentura ugari bizi dituzte lehenengo aste hauetan.
Txikienek San Fermin ospatu zuten Okendo plazan. Lehen txupinaren soinua entzun eta zuri eta gorriz jantzita, zezenengandik ihesi ibili ziren gaztetxoak.
Xumela koruaren bisita ere jaso zuten. Belaunaldi ezberdinen ahotsak batera entzuteko aukera izan zen. Guztiek doinu ezagunak abestu zituzten, hala nola, 'Txiki txikia', 'Han zeuden' edo 'Ran rober ran'.
Txaranga eta Ospitur ekintzekin ospakizun ezberdinak ezagutu dituzte eta Zubietara edo Txiki-Guayra egin dituzte irteerak.
Ertainek kirola egin dute nagusiki eta igerilekuan ederki gozatu dute. Altxorraren bila ere ibili dira.
Gaztetxoenek 'Euritan dantzan' egin zuten uretako jolasekin. Surf-a edo ipar-martxa probatu ahal izan zituzten. Bigarren hau Ostadarreko ipar-martxa taldearen eskutik. Goitik behera zikindu ziren pringe egunean eta Saharako haurrei harrera ere egin zieten. Zarautz, Getaria eta Gamarrako igerilekuetan izan dira egun pasa.
Oraindik bi aste geratzen dira. Ekintza eta irteera pila dituzte eta aurreratu digutenez, azken asteko jaialdiak prestatzen hasiak dira.
Etxetik kanpo
Hau guztiaz gain, etxetik kanpo egun batzuk igarotzeko aukera ere izan dute gazteek.
Donemiliagara joan zirenak dagoeneko bueltatu dira. Altsasun hiru egun egin eta gero, Garaion geldialdia egin eta Donemiliagara egin zuten. Bertan hamaika ekintza burutu dituzte.
Gaurtik aurrera, berriz, Larraul edo Albenizen bizipen ugari izango dituzte beste talde batzuk.
Kostan zehar
Eta ezin ahaztu, kanpaldietara joan diren gazteak ere.
Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldea ezagutu dute DBH1 eta 2ko gazteek lehen hamabostaldian. Zaharrenak, aldiz, atzo atera ziren Iparraldera. Bidaian Lapurdiko herrixkak ezagutuko dituzte.