Alfonbra gorriaren laguntzaz, aktore eta herritarren pasabide bilakatu da Okendo Plaza, gaur iluntzean. Zanguango Antzerki Taldeak, "Flux" izeneko antzezlana eskaini du, herriko plazan, iluntzeko 20:00etan.
Puntu-puntuan eman dioten hasiera kale ikuskizunari. Orduan hasi dira Okendoko bi izkinetatik, ezustean, antzezleak agertokia alde batetik bestera gurutzatzen. Mariatxiak, obretako langileak, mamua, somnanbulua eta beste hamaika pertsonaiek bildu dituzte plazara gerturatutakoen begiradak. Mozorro eta apaingarriak soinean zituzten arren, antzezleak, plazan zebiltzan herritarrekin nahastea erraza izan da emanaldiaren hasieran.
Baina nahasmen eta zalantza horiek guztiak desagertu dira antzerkiak aurrera egin ahala. Bat batean, 20 metro luzeko alfonbra gorri bat zabaldu dute Okendon eta antzezle eta herritarrak, bertatik igaroaz eman diote jarraipena ikuskizunari. Alfonbra gorriaren inguruan jarri dute arreta orduan ikusle guztiek.
Ekintza solteen bitartez, gizarteko jokabide eta egunerokotasunaren gogoeta sustatzen saiatu dira Zanguango Antzerki Taldeko partaideak, beti ere, umoreaz baliatuz.