Nizako "atentatu terrorista" gaitzetsi du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 15a, 15:19

Udal-ordezkariek eta zenbait herritar batu dira gaur eguerdiko kontzentrazioan, udaletxe zaharreko arkupeetan. "Udalak gaitzetsi egiten du Nizan gertatutako atentatu terrorista eta elkartasuna adierazten biktimei", adierazi du Udalak ohar bidez.

Bost minutuko kontzentrazioa burutu dute gaur udal ordezkariek eta zenbait herritarrek udaletxe zaharreko arkupeetan. Era berean, Udalak ohar instituzional bat plazaratu du:

"Lasarte-Oriako Udalak, deklarazio honen bitartez, erabateko gaitzespena adierazten dio igande gau honetan Nizan egin den atentatu terroristari, non oraingoz 84 lagunek galdu duten bizia.

Lasarte-Oriako herritarren ordezkari moduan, Udalak bere elkartasuna agertzen die biktimei, haien senitartekoei eta nahigabezko momentu hauetan bat eginda dagoen Frantziako herri osoari.

Atentatu horien basakeriari intolerante eta fundamentalistek kendu nahi diguten horrexekin erantzun behar diogu: demokrazia, justizia eta askatasun gehiagorekin".

Momentuz, 84 pertsona hil dira bart gaueko erasoan, eta ehunka zauritu -hemezortzi larri daude-. Frantziar Errepublikaren eguna ospatzen ari zirela, gizon bat abiadura handian -90 kilometro orduko- sartu zen Nizako Ingelesen Etorbidean, kamioi bat gidatuz. Ahalik eta pertsona gehienak harrapatzen saiatu zen. Poliziak tiroz hil zuen gidaria. Alpe Maritimoen Prefekturak adierazi du "atentatu terrorista bat" dela, "zalantzarik gabe". Dena den, talde bakar batek ere ez du bere gain hartu erasoa, oraingoz.