Agerraldian Jesus Zaballos alkatea, Txus Alonso Jaietako batzordeburua eta Oria auzoko Jai batzordeko Juan Rodriguez eta Manolo Urdampilleta kideak izan dira.
Jesus Zaballos alkateak azpimarratu duenez, Lasarte-Orian bi jai garrantzitsu dira Karmengo Amaren eguna eta San Inazio eguna. Jai hauek Udalaren herrian antolatzen diren ekintzen deszentralizazioarekin bat datorrela aipatu du eta eskerrak eman die jai batzordeko kideei egin duten lanarengatik, "plazer bat da horrelako auzo elkarte batekin lan egitea. Egin duen lanik gabe, jaiak ez lirateke aurrera eramango".
Txus Alonso zinegotziak azaldu duenez, egitarau bakoitzak 2.900 bat euroko laguntza jaso du. Era berean, Oria auzoko jai batzordearen lana eskertu du.
Egitarauetan berrikuntzak
Juan Rodriguez La Esperanza auzo elkarteko kideak azaldu ditu, elkarteak berak, Buruntz Azpi elkarteak eta gazte talde batek antolaturako jaien egitarauak.
Honela Udalaren diru-laguntza dela eta, berrikuntza ugari daudela jakitera eman du.
Karmengo Amaren eguna
Larunbatean, Oriako zaindariaren eguna ospatuko da auzoan, Karmengo Amaren eguna. Ohikoak diren ekintzez gain, trikitilari eta buruhandiak eta meza, haur jokoak izango dira 11:00etan. "Hauetan auzoko gurasoak berak izango dira arduradunak". "Guztiei irekitako" bazkaria izango da El Jardin jatetxean. Iaz arrakasta handia izan zuen globo guda izango da 17:00etan Brunet-Enea parkean. "Aurten ur-pistolak ere erabili ahalko dira," jakinarazi du. Ordu berean, gaztelu puzgarriak izango dira. 18:30ean, Sorgin dantza saioa izango da kaperatik parkera eta Kultur Kale Zikoaren eskutik, 20:00etan, Psicoacustic taldearen kontzertua. 22:00etan, Ibai Berriak taldearen eskutik dantza izango da eta 01:00etan, dj saioa.
Berrikuntza modura, 17:30ean, haurrentzako merienda antolatu da "babesle berri bati esker" eta uztailaren 9an auzoan zehar egin zen argazki rally-aren irudiak auzoko hainbat lekuetan ikusgai izango dira. "Eguraldiak arazorik sor ez dezan, leku itxietan jartzea pentsatzen ari gara. Pilotalekua, Oria Txiki taberna,... Baina eguraldi ona eginez gero, beste leku batzuetan ezarriko ditugu".
San Inazio jaiak
Hilaren amaieran, uztailaren 30 eta 31ean, berriz, Basaundi bailaran San Inazio Jaiak antolatuko dira. Hauen harira, Juan Rodriguezek Buruntz Azpi elkartearen lana azpimarratu du eta urteetan jai egun hori mantentzeko egin duten lana gogora ekarri du.
Era honetara, apar festa, futbol partida, dja eta Ibai Berriaren emanaldia, ibilaldi neurtua, galeper botatzea, haur jolasak, buruhandiak, meza, bote eta toka txapelketak, puzgarriak, herri bazkaria, haurrentzako merienda izango dira, baita mus txapelketa, tortilla patata lehiaketa eta batukada herrikoia ere.
Tortilla patata txapelketari dagokionez, zehaztapen bat egin du Juanek. "Etxean egindako tortilak izango dira epaituko direnak. Ez dugu kalean lehiaketa antolatzeko baliabiderik eta. Sariari dagokionez, Lasarte tabernan bi pertsonentzako menua izango da".
Honetaz gain, herritarrei jaiei amaiera emango dien batukada herrikoian parte hartzera dei egin die. "Zartaginak, marakak edo soinua ateratzen duen edozer eraman dezakete". Gainera, herritarrek Dinbi Banda batukada lagunduko dutela jakitera eman du.
Gonbita
Azkenik, Juan Rodriguezek azaldu zuenez, Oria auzoko jaiak finkatzea da asmoa eta horretarako hiru oinarri behar dituzte. Batetik Udalaren laguntza, bestetik jaietan herriko elkarte gehiagok bere harritxoa jartzea eta azkenik, Jai batzordean jende gehiago egotea.
Udal ordezkarik eta jai batzordeko kideek auzotar eta herritarrak gonbidatzen dituzte jaietan parte hartzera.