Harrera Saharako lagunei

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 12a, 14:53

Udalak lagunduta, lau neska eta lau mutil saharar hartu dira herrian Oporrak Bakean programaren baitan. 10 eta 12 urteko haur hauek, uztailaren 2an iritsi ziren eta abuztuaren 31ra arte egongo dira herriko familiekin. Gaur egin diete harrera udal ordezkari eta txokoetako lagunek.

Gaur Jesus Zaballos alkateak, korporazioko hainbat kiderekin, ongi etorria eman die Saharatik etorritako haurrei batzar aretoan eta honetan bederatzi harrera-familiei bereziki eman nahi izan dizkie eskerrak, “zuek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako programa honi eustea, funtsezkoak zarete”.

Nazha, 12 urteko neskatoa, Mrabih 13 urteko mutikoa, Abdalahi 12 urteko mutikoa, Hilifa 11 urteko mutikoa, Saida 12 urteko neskatoa, Mattu 11 urteko neskatoa eta Whaba 10 urteko neskatoa dira gure artean oporrak pasako dituztenak. Azken bi neskak lehenengo aldiz daude hemen, gainontzekoek ordea, errepikatu egin dute esperientzia. Ekitaldian, honetan bi haurrek kale egin dute, udalak hainbat opari eman dizkie eta txokoetako lagunek ere eman dizkiete kamiseta dotore batzuk.

Guztiak udako txokoetan parte hartzen ari dira. Hau dela eta, harrera ekitaldiaren ostean, txokotako haurrek agurra dantzatu diete eta ‘Maite Zaitut’ pailazoen kanta ezaguna dantzatu festa giroan.

Udalak, programaren arduradun den aldetik, txokoetako eta Kiroldegiko igeriketa ikastaroetako parte-hartzea kudeatu eta diruz laguntzen du.  MUGI  txartela erabiltzeko erraztasunak ere eman dizkie. Horretaz gain, programaren barruan daude osasun-azterketak eta azterketa odontologikoa egitea.

Saharar herriarekiko elkartasuna adierazteko proiektua da hau udalarentzat. “Haur hauei gurekin bizitzeko aukera emanez, haien osasun-egoera hobetzen laguntzen diegu, desertuko udatik babesten (non tenperatura 60ºra iristen baita), elikadura orekatu bat lortzen, haien kultura nahiz ohiturak partekatzen eta lagun berriak egiten”.