Ez du euririk egin asteburu osoan, eta korrikalariek eskertu dute, lurra ez baita behar baino gehiago lokaztu.
Ayalew nagusi emakumezkoetan
12:30etan hasi da emakumezkoen lasterketa. Belaynesh Ojira eta Hiwot Ayalew etiopiarrak ziren faborito nagusiak. Emaitza onak izan zituzten pasa den urtean, eta Rio de Janeiroko olinpiar jokoei begira, 3.000 metroko froga prestatze bidean dira.
8.142 metro egin dituzte guztira, hirut itzuli handi eta moztutako itzuli handia eginez. Biak nabarmendu dira hasieratik, eta Diana Martin espainiarrak eta Stephanie Twell eskoziarrak aurre egiten saiatu arren, ez dute afrikarren erritmoa jarraitzerik izan.
Amaieran, Ayalew nagusitu da azken itzulian erritmoa hautsiz. Lasterketa hasi aurreko egunetan azpimarratu zuen "indarrarekin" ikusten zuela bere burua, eta ez du hutsik egin.
Diana Martinek, larunbatean Valentzian lehiatu arren, maila handia erakutsi du azken metroetan Stephanie Twelli aurrea hartzen. Jessica Anne Andrews ingelesak, azkenean, ez du parte hartu gaixo zegoela eta.
Lehenengo euskalduna Ainhoa Sanz urretxuarra izan da, eta Euskadiko Txapelketa bereganatu du bigarren aldiz. Penelope Baños izan da bigarren, eta Elena Silvestre hirugarren.
Mergak ez du hutsik egin
Gizonezkoen lehia 13:15etan hasi da. Imane Merga etiopiarrak erakutsi du zergatik hartzen zuten faborito nagusitzat lasterketa hasi aurretik. Aurreko bost frogak irabazita zetorren eta seigarrena bereganatu du Lasarte-Oriako hipodromoan.
Dominic Chemut Kiptarus eta Goitom Kifle gazte keniar eta eritrearrak izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Zirkuitoaren zatirik handiena eman dute elkarrekin eta azken zatian ziurtatu du bere garaipena Mergak.
Elgoibarren lan bikaina egitetik etorri da Lasarte-Oriara Toni Abadia espainiarra, eta gaur ez da gutxiago izan. Lehenengo hiruekin eta Hiskel Tewelde eritrearrarekin kilometro ugari eman ditu, eta amaieran laugarren izan da, garaipena balitz bezala ospatu duen arren.
Ivan Fernandez gasteiztarrak zortzigarren aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa. Euskaldunen artean nagusi izan da, eta oso lan txukuna egin du lasterketan bederatzigarren postuan sailkatuz. Marc Hurtado eta Eneko Agirrezabal izan ditu alboan podiumean.
Beheko mailetan ere, ikuskizuna
Kross herrikoia ere Hipodromoan amaitu da, eta Raul Gomez Margallo herritarrak ez du hutsik egin. Zazpigarren kilometrotik aurrera min hartuta izan arren, aldea hartuta iritsi da helmugara.
Euskadiko Txapelketako azpiko kategorietako lasterketak 10:00etan hasi dira, eta gerturatu diren guztiak atletismoarekin gozatu ahal izan dute. Aipatzekoa gizonezkoen junior mailan gertatutakoa. 2015eko Lasarte-Oria Bai! Krosseko irabazle Ossama Ifraj errioxarra izan da onena berriro ere. Hala ere, bere emaitzak ez zuen Txapelketan balio.
LOKEko atleta ugari ere aritu dira benjamin, alebin eta infantil mailetan.
Ikusi hemen osatutako argazki galeria