Udalak kultur ekitaldiak erdigunetik haratago zabaltzeko asmoz antolatutako "Kultura Auzoetara" ekimenak, Oria auzoa hartu du gaur goizean. 11:00etan izan da hitzordua, auzoko "La Esperanza" elkartean.
Ordurako bildu dira argazki rallyan parte hartzera animatu diren herritar eta zaletuak. Argazki kamerak eskuan eta akreditazioak lepoan zintzilik zituztela, hasiera eman diote Raquel Rodriguez argazkilariak gidatutako saioari. Dozena bat lagun bildu dira argazkiak ateratzeko asmo eta gogoz.
Bi orduko argazki saioa aurreikusi dute eta argazkilari bakoitzak, 30-40 minutuko tarteak izan ditu aurrez emandako gaiarekin lotutako argazkiak ateratzeko. Askotariko gaiak izan dituzte argazkilariek; esertzeko bankuak, paretak, haur parkea eta more kolorea izan dira argazki kameretako jomuga, besteak beste.
Saio honetan ateratako argazkiei erabilpen bat emateko asmoz, auzo elkartean erakusketa bat egiteko proposamena egin dute parte hartzaileek eta beraz, litekeena da, gaurko argazki rallyan ateratako irudiak, "La Esperanza" elkartean ikusgai izatea.