Ikuslearen pentsamenduan murgildutako emanaldia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 8a, 23:19

Ertza konpainiak, kale ikuskizun atsegina eskaini du, gaur, iluntzean, Okendo Plazan.

Ikuskizun bat, beste ikuskizun baten barruan. "Ikuslearen Showa" kale emanaldi polita eskaini du Ertza konpainiak, gaur, Okendo Plazan. Ikuslearen adimenean zehar, 30 minutuko bidaia bat izan da, dantzan espezializatua ez den publiko bati zuzendua.

Iluntzeko 20:00etan agertu dira hiru dantzariak agertokian; gantzontziloak, bularretakoa eta maskarak soinean eskaini dute lehenengo dantza. Ondoren, lurrean zituzten arropak jantzi eta emanaldiari jarraipena eman diote.  Breakdance, Hip-hop eta dantza garaikidea uztartu ditu Asier Zabaleta koreografoaren emanaldiak baina, ez nolanahi. Zuzeneko musikari batek jarri dizkie doinuak dantzei eta baita, ikusleen artean ezkutaturik zegoen musikari baten zuzeneko ahots batek ere. Hizkuntza dantzatu, kantatu eta mintzatutako koktel bat izan da "Ikuslearen Showa". 

Emanaldia, ikuslearen jarreren eta pentsamenduen inguruko gogoeta bat da. Hori da hain zuzen ere sortzaileen helburua; eskaintzen den kale-ikuskizunaz gozatzea, aurreiritzi inkontzientetik abiatuta eta kritika kontzientera iritsi arte.