Hipodromoaren 100 urteak ospatzeko lehiaketa

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 7a, 12:02

Lehiaketa jarri du martxan Aterpeak udalaren laguntzaz. Herritarrek asmatu beharko dute herriko zein denda edota tabernetan dauden jarrita jockey 4 jaka. Asmatzen dutenen artean hainbat sari zozketatuko dira. Lehiaketa berezi hau atzo hipodromoan aurkeztu zen.

Aterpea eta Udal ordezkariek Hipodromoko kudeatzailearekin batera egin zuten lehiaketaren aurkezpena. Lehena hitza harzten Jesus Zaballos alkatea izan zen. Honek Hipodromoaren 100 urteko bizitza herriarentzat zein garrantzitsua izan den gogora ekarri nahi izan zuen, “oso bizirik dago hipodromoa lasarteoriatarren memorian eta bizimoduan” hori dela eta ekimen honetan parte hartzera gonbidatu zituen herritarrak.

Ramon Ormazabal Aterpeako lehendakariak ekimena ahalbidetu duten guztiei eskerrak eman zizkien lehenengo. Hipodromoak herrian izan duen eragina azpimarratu zuen, kirolaren, pertsonen eta ekonomiaren bizikidetzari dagokionez. “Bereziki Aterpeak ezin du ahaztu esparru ekonomikoan duen garrantzia, udako kontsumoan eragiten du eta. Era berean, eragina ez da uda garaira mugatzen, urte osoan zehar mugitzen da jende ugari hipikaren inguruan, eta horietako asko gure herrian bizi dira”.

Ormazabalek azaldu zituen lehiaketa berezi honen nondik-norakoak. Honetan parte hartu nahi dutenek txartel bat jaso behar dute. Bertan ageri dira bilatu beharreko jakatxoak, eta parte hartzen duten denda, kafetegi eta tabernen zerrenda. Jakatxoak dauden lekuen izenak bete eta Ormazabal Loradendan entregatu beharko da txartela, uztailaren 11tik 23ra.

Uztailaren 30ean, 13:30ean, Lasarte Tabernaren terrazan egingo da zozketa zuzen betetako txartelen artean. Sariak honakoak izango dira: 2 lagunentzako afaria Martin Berasategi Jatetxean; 2 lagunentzako 2 afari Viña del Mar Kafetegian; 5 bono Café-Bar Buenetxean 4 pintxo dastatzeko; 2 lagunentzako afaria Araeta Sagardotegian; 2 lagunentzako 2 afari Arkupe Tabernan eta sarrera bikoitza Donostiako Urrezko Koparako.

Txartelak entregatzen dituzten lehen 100 pertsonek, gainera, sarrera indibidual bat jasoko dute Hipodromoko denboraldiko edozein lasterketetara joateko, kanpo geratuko da Urrezko Kopa.

Peio Urtasun Hipodromoko kudeatzaileak, 100. urteurrenagatik jasotako laguntza eskertu zien bertaratutakoei. “Hipodromoak pasa dituen urte txarrak” aipatuta, eskerrak eman zizkien lasarteoriatarrei Lasarteko Hipodromoa izenez jaio zenaren ondoan izan direlako beti.