Jesus Zaballos alkateak eta Kulturako zinegotzia den Maite Iglesiasek udako programazio anitza aurkeztu zuten eta bertan kalea izango da ekintza kulturalen protagonista. 'Kultura Auzoetara' eta 'Kultur Kale Zikloa' programak, Santa Anako festarekin batera, izango dira arrazoi nagusiak.
Zaballosek nabarmendu zuen uztailean kultura kalera aterako dela eta, Lasarte-Oriako jarduera deszentralizatzeko apustu horren barruan, auzoetara ere hurbilduko dela. Hori horrela ikusiko da 'Kultura Auzoetara' programa 5 auzotara zabaldu edo 'Kultur Kale Zikloa'-ren espazioak ugaritu direlako. Aurreratu zuenez, hori izango da udal proposamenen ohiko joera, izan ere "Udaletik auzo guztietako bizitza indartu behar" baita.
Kale ekintzak
Iglesiasek, arloko teknikariekin batera, programazioa ekintzaz ekintza azaldu zuen.
Jarduerak gaur gauean hasiko dira 'Udako zinea' zikloarekin. 'Mad Max' film ezagunaren bertsio berria ikusiko dute 22:15ean Okendo plazara hurbiltzen diren herritarrek. Uztailaren 21ean 'La Familia Bèrlier' izango da pantailan.
Bihar ostirala, Okendo plazan, 'Lasarte-Oria Dantzan' programako ekintza izango da. Ertza konpainiak 'El Show del Espectador' dantza ikuskizuna eskainiko du.
'Kultura Auzoetara' programak larunbatean, berriro ere, bisitatuko du Oria. Argazki Rallya egingo dute. Lur Usabiagak ipuinak kontatuko ditu uztailaren 15ean, 22an eta 29an, Isla plazan, Zabaleta plazan eta Jaizkibel plazan, hurrenez hurren. Saio guztiak arratsaldeko 18:00etan hasiko dira. Horretaz gain, hiru tailer ere egingo dira: 16an globoflexia Isla plazan, 23an birziklatutako zorroak Zabaleta plazan eta 30ean frutak Jaizkibel plazan. Haurrak gonbidatu dituzte 11:00etan hasiko diren tailer hauetara.
Bestalde, 'Kale Antzerkia Bultzatuz' ekimenaren baitan, kaleko hiru ikuskizun eskainiko dira Okendo plazan: uztailaren 14an Markeliñe konpainiak 'Crusoe' eskainiko du, 15ean Zanguango taldeak 'Flux' aurkeztuko du eta 29an Deabru Beltzak bere 'Su á Feu' ikuskizuna egingo du.
Kontzertuak ere izango dira herriko kaleetan, 'Kultur Kale Zikloa'-ri esker. Uztailaren 16an Psicoacustic taldeak Orian joko du; 23an Igor Letona Jazz Quartetek Isla Plazan eta azkenik, Iker Laurobak Tximistarreta parkean, uztailaren 30ean.
Hilabete honetako ekintzen barruan, ezin ahaztu Santa Ana jaien inguruko jarduerak. Uztailaren 12tik 24ra Zurmailu Elkarteak Antonio Mercero gunean prestatutako egur-tailako erakusketaz gozatu ahalko da. Uztailaren 24an, XXXII. Santa Ana Artisau Azoka izango da Okendo plazan eta Mercero plazan. Eta azkenik, Ttakun KE-ren eskutik, Santa Ana egunean, uztailaren 26an, ohiko ekintzak izango dira. Hauen artean, 22:00etan, urteko gertaerak era komikoan errepasatzen dituen Santa Anako parodia egingo da Okendo plazan.