Gizon bat atxilo Oria etorbideko bulego eraikin batean lapurtzen saiatzeagatik

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 12a

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 48 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean, 4:30ak inguruan, Oria etorbideko bulego eraikin batean lapurtzen saiatzen ari zela. Atxilotuak goizaldean zehar kontzesionario batean jazotako beste lapurreta batekin zerikusirik ote duen ari da ikertzen orain Ertzaintza.

Bizilagun batek deitu die ertzainei, Oria etorbideko bulego eraikin batean kolpeak entzun ostean. Agenteak bertara gerturatu direnean, gizon bat ikusi dute tokitik ihes egiten saiatzen. Leihotik atera nahi izan du baina trabatuta geratu da eta, bertatik atera ostean, ertzainek identifikatu eta atzeman egin dute. 

Segurtasun sailak zehaztu duenez, eraikineko sei atek indarkeria zantzuak zituen agenteek 48 urteko gizona atxilo hartu dutenean. Antza denez, ustezko lapurrak su-itzalgailu bat erabili du bertara sartzeko. 

Atzeman eta identifikatu ostean, komisaldegira eraman dute ertzainek gizona. Goizaldean zehar auto kontzesionario batean gertatutako beste lapurreta batekin harremanik ote duen ari dira ikertzen orain.