Lasarte-Oriako Udaleko Araudi Organikoa onartu du Udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 13a

Araudi Organikoa edukiko du Lasarte-Oriako Udalak haren historian lehen aldiz. Atzoko udalbatzarrean onartu zuten dokumentua alderdi politikoek, 13 aldeko bozka eta 4 abstentziorekin. Alderdi gehienek emendakinak aurkeztu bazituzten ere, orokorrean gustura dira egindako lanarekin. Herriko Enplegu Mahaia eratzea ere adostu zuten, langabezia-tasa altua murrizteko helburuz.

Udalbatza osatzen duten ordezkari politikoak, oro har, gustura ziren lortutako akordioarekin, nahiz eta horietako gehienek (EAJk ezik, beste guztiek) 125 puntuko txostenari zenbait emendakin aurkeztu, 27 guztira.

EH Bilduko bozeramaile Pablo Barriok nabarmendu zuen “oinarrizkoa” dela Udalak arautua edukitzea bere jarduera: “Aurreko legealdian ekin genion hori lantzeari, eta gure proposamena onartu gabe geratu zen. Txostena beste alderdi batek ekarri du oraingoan baina baiezkoa eman dugu, funtsezkoa baita”. 

Lasarte-Oriak Ahal Du-ko kide Arkaitz Nayak “oso positibotzat” jo zuen txosten horretan egindako lana, baina era berean zehaztu zuen alderdia ez zegoela ados bi punturekin: “Alde batetik, uste dugu Udalak elebitan argitaratu behar dituela dokumentu guztiak eta, bestetik, Alkatetzan egiten diren aukera libreko kargu hautaketen kontra gaude”.

EAJk ez dio emendakinik aurkeztu txostenari, aurreko legealdikoan proposatutako gehienak onartuak izan zirelako, Estitxu Alkortak adierazi zuenez. Udalak dokumentuak elebitan egiteari dagokionean, alderdi jeltzaleko bozeramaileak esan zuen Udala ez dagoela horretara behartua, baina bai herritarrak nahi duen hizkuntzan erantzutera. 

PPko zinegotzi Alejandro Saenzek goraipatu egin zuen udaletxeko idazkariak egindako lana baina abstenitu egin zen haren emendakinak ez zirelako onartuak izan. 

PSE-EEko bozeramaile eta herriko alkate Jesus Zaballosek aipatu zuen dokumentu denak elebitan publikatzeak “kolapsatu”·egingo lukeela Udalaren jarduna: “Aurreko legealdiko proposamenean ere zehaztu zen”. Alkatetzako aukera libreko karguen inguruan, Zaballosek esan zuen “legala” dela, eta pasa den legealdiko kopuru bera mantendu dela honetan; bi lanpostu zehazki. 

Herriko Enplegu Mahaia

Udaleko Araudi Organikoaz gain, Herriko Enplegu mahaiaren erregelamendua onartu zuen udalbatzarrak, 9 aldeko bozka eta 8 abstentziorekin. Arkaitz Nayak adierazi zuen herriko langabezia tasa murrizteko ekintza guztiak direla “garrantzitsuak”, baina egin zitekeela gehiago, enpleguari dagokionean eskumen gehienak ez baitira Udalarenak.

Era berean, 2015eko urriaren 13an egindako ohiko udalbatzarraren akta aho batez onartu zuten korporazioko zinegotziek. 

Gai ordena amaitzean, oposizioko alderdien zein herritarren galdera eta erreguak erantzun zituen Udal Gobernuak.