'Eurre rubio! Urratsez urrats, bidea'. Horrela zioen gaur Axier Arteagari animoak emateko Beotibar pilotalekuan eskegitako afixa batek. Haren ibilbideko pauso garrantzitsuenetako bat, garrantzitsuena ez esatearren, eman du gaur 19 urteko pilotariak: Profesional mailara egin du jauzi, Juan Mari aitak duela hainbat urte emandako urratsei jarraituz. 'Lortu dugu', zioen aldameneko pankartak. Arteaga abizena pilotaren maila gorenetara itzuli da. Lortu du Axierrek ere.
Txikitako ametsa bete du gaur Arteagak, nahiz eta ez den izan espero bezain polita. Ibai Zabalarekin osatu du bikotea gaurkoan herritarrak, baina ez dute aukerarik izan Victor eta Ander Imazen aurka: 22-6 galdu dute urdinek. Emaitza, dena den, ez da izan garrantzitsuena gaurkoan. Inportanteena iristea izan da, protagonista izatea. Etorriko dira arratsalde hobeak.
Victor eta Imaz nagusi hasieratik
Berehala ireki du aldea bikote gorriak, hasiera-hasieratik. Konturatzerako, 5-0ekoa jarri dute markagailuan. Victorrek eta Imazek sei zeramatzatenean egin dute urdinek lehenengoa, Errioxako aurrelariaren huts baten ondorioz, Arteaga animatzera joandako herritarren gozamenerako. 8-4koarekin egin dute eztanda, herritarrak txokoan utzitako ezkerkada batekin. Partidu osoan ez diote utzi animatzeari zaleek. Bazirudien herritarrak eta Zabalak erreakzionatu eta markagailua estutzea lortuko zutela, baina ez da horrela izan.
Maila oso altua eskaini dute gaurkoan Victorrek eta Imazek. Atzeko koadroetan erabat nagusi izan da oiartzuarra; Ibai Zabalak nekez eraman ditu bikote gorriaren pilotakadak, eta Victor aurrelariak primeran baliatu ditu aukera horiek denak, era guztietako tantoak eginez, ezker gantxoak batez ere. Arteagak defentsa ona erakutsi du zenbait tantotan, baina gainontzekoetan ezin izan du ezer egin gorrien nagusitasunaren aurrean. Pilota gutxi batzuk ere galdu ditu herritarrak.
Emaitzak ez du festa zapuztu
Arestian esan bezala, gutxienekoa izan da emaitza gaurkoan. Herritar andana joan da Tolosako Beotibar pilotalekura, pilotari gaztea animatzera. Festa giroa izan da nagusi arratsalde osoan zehar, gaurkoa ez baita izan nolanahiko eguna Lasarte-Oriarentzat. Kolore urdina hartu dute harmailek, askok partidurako prestatutako kamiseta eraman baitute soinean, 'Lortu Dugu' esaldia aurrealdean eta 'Arteaga II' atzealdean idatzita zutela.
Profesional mailako bidea egiteke du oraindik, baina egin du, lortu du garrantzitsuena: Haraino iristea. Geratzeko iritsi dela erakutsi beharko du herritarrak orain. Kalitatea, gogoa eta ilusioa ez zaizkio falta.
Partidu horren ostean, lehen mailako bikoteen txapelketako neurketaz gozatu dute pilotazaleek. Olaizola II.a eta Urrutikoetxea Irribarria eta Merinoren aurka. Arteaga ere iritsiko da agian horraino egunen batean. Bitartean, pazientzia. Urratsez urrats, bidea.
Argazki galeria osatu du Txintxarrik arratsaldean zehar bildutako hainbat irudirekin.