Mikel Laboaren 'Martxa Baten Lehen Notak' entzuten zutela sartu ziren ikusleak auditorian, eta doinu bera baliatu zuten Ane Labaka eta Unai Muñoa bertsolariek ekitaldiari hasiera emateko.
Bobby Sands preso irlandarrak 1981an bizitako egoera eduki zuten gogoan, Aitzol Iriondok moldatutako testua antzeztean, musika, dantzariak eta errezitatzaileak lagun. Iriondok espetxe barneko borroken inguruko gogoeta partekatu zuen lasarteoriatarrekin, preso irlandarrak idatzitakoa moldatuz eta bere egoera azalduz.
Ibon Fernandez Iradiren testuak kartzela kanpoko sostengua zuen ardatz. Elkarrizketa formatuan antzeztu zuten, bere ikuspegia partekatuz. Espetxe barneko eta gizartearen erritmo ezberdinen inguruan egin zuen gogoeta. Arlo askotan gizartea eraldatzeko borrokan ari direnei eskerrak emanez bukatu zuen. Rafa Diez Usabiagaren seme Naikek errezitatu zuen aitak idatzitakoa. Espetxean egonik, galdutako lagun eta famili kideak izan zituen gogoan.
Irlanda askea aldarrikatzen duen 'A Nation Once Again' kanta abestu zuten parte hartzaile guztiek Xumela Abesbatzaren laguntza zutela eserlekuetatik.
Larunbatean Bilbon eta Baionan egin ziren manifestazioetara joateko deialdia ere luzatu zuten.
Presoen egoera hobetzeko lanean dabiltzan bi emakume argentinar aurkeztu zituzten azken unean. Hunkituta, Argentinar diktadura garaian preso egotean jasotako elkartasuna ekarri zuten gogora.
Errezitaldiko argazkiak galerian ikusgai.