Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lanean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 27a

Lasarte-Oriako euskararen bilakaera handia izan da azken urteetan. Batez ere, haur eta gazteen artean nabari izan da euskararen erabileraren garapena eta hori ahalbidetu dute hainbat eragilek antolatzen dituzten programek. Gure herriaren euskalduntzeak aurrera egin dezan, Lasarte-Oriako Udalak euskara sustatzeko hitzarmenak sinatu ditu ikastetxeetako guraso elkarte eta Ttakun kultur elkartearekin.

Landaberriko Guraso eskola, Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe guraso elkartea, Lasarte-Usurbil Institutuko Kaxkarro guraso elkartea eta Ttakun kultur elkartea euskararen aldeko hitzarmenak sinatzeko bildu ziren Lasarte-Oriako Udalean atzo arratsaldean.Hitzarmen-sinatze ekitaldian Jesus Zaballos alkatearekin batera, Euskara Batzordeko burua Jon Antxordoki izan zen.

Antxordokik berak egin zituen aurkezpenak eta euskararen normalizazioaren alde ematen den pauso garrantzitsua dela adierazi zuen. Hitzarmenaren filosofiak adierazten du Udalak, Ttakun kultur elkarteak eta lau ikastetxeek elkarrekin landu dituztela Lasarte-Oria euskalduntzen jarraitzeko lan-lerro nagusiak eta programa zehatzak.

Horretarako, Landaberriko Guraso eskolaren izenean Miren Zalduak bi hitzarmen, eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Burunzpe elkarteko Pello Sanchez, Lasarte-Usurbil Institutuko Kaxkarro guraso elkarteko Juan Jose Martin eta Ttakun kultur elkarteko Tomas Arrizabalagak hitzarmen bana sinatu zituzten.


Hamar programa

Ttakun elkarteak 191.999,23 eurotako diru-laguntza jasoko du Udako txokoak, Udako kanpaldiak, Gazte kluba, Kuadrillategi, Gazteen hizkuntza trebetasunak garatzen, Famili transmisioa, Solaskide solasbide, Erakundeak euskalduntzen, Bertso Eskola eta Txintxarri aldizkaria programak aurrera eramateko.

Hitzarmenean jasota dago Ttakun Kultur Elkarteak diru-laguntza justifikatuko duela enpresa eskudun batek ikustatuta.

Ikastetxeetan

Diruz lagundutako programen artean daude ikastetxeetako Irakutrezin, Esazu eta Irrintzi aldizkariak, pertsonaia ezagunen bisitak, eskola-orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko 'Hezitzaileek asko egin dezakete!' programa, 'Lagunarteko hizkerarekin jolasean' programa, 'Elemeleka' programa edo 'Gu ere bertsotan' programa bezalakoak.

Lau ikastetxeekin sinatutako hitzarmenak desberdinak badira ere, guztira lauen artean, 52.487,09 eurotako aurrekontua suposatu dio Udalari.