Mendekotasuna duten pertsonak etxean zaintzearen erronkak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 27a

Mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten herritarrek hitzaldi interesgarria entzun zuten atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Sendian' programan psikologo gisa aritzen den Karmele Gurrutxagaren eskutik. Besteak beste, etxeetan zaintza-lanak egiteak dituen erronken inguruan hitz egin zuen.

"Nola entregatu pertsona horiek zaintzera norberaren bizitza ahaztu gabe? Hori erronka handi bat da". Horrelakoez aritu zen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko 'Sendian' egitasmoko psikologo Karmele Gurrutxaga, kultur etxeko hitzaldi aretoan. Hainbat herritar gerturatu ziren Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuen batzordeak antolatutako ekitaldira.

Gurrutxagaren esanetan, familia batek mendekotasuna duen pertsona bat zaintzean planifikazioa egin dezake aurrez, baina nabarmendu zuen egunerokotasunak "aldatu" egin ohi duela hasierako planteamendua, "kontutan hartzen ez diren hainbat faktore" medio. 

Horietako bat da psikologoak atzo "erronka handitzat" jo zuena: Beste pertsona batzuk zaintzea, norbere buruaz ahaztu gabe. "Mugak jartzea zaila da askotan. Norberak ezarri behar ditu, nire ustez. Marra gorriak ere badaude, zaintza lanek eragindako min fisikoa, esaterako", aipatu zuen Gurrutxagak. Era berean, azpimarratu zuen "norbere gorputzak igortzen dituen seinaletxoak" ez dituztela kontutan hartzen normalean zaintzaileek.

"Zaintzan aritzen diren pertsonei asko kostatzen zaie laguntza eskatzea, ardura horren pisu guztia beraien gain ez hartzea. Nire gomendioa da eskatzeko laguntza, zama hori gertukoekin arintzea eta, ekonomikoki posiblea den kasuetan, kanpoko zerbitzuak kontratatzea", esan zuen psikologoak.

'Sendian' egitasmoa

Zerbitzu horietako bat da Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Sendian' programa. Badaramatza urte batzuk martxan; euren etxeetan mendeko pertsonak zaintzen zituzten pertsonei laguntze aldera sortu zen. Besteak beste, egitasmotik laguntza-taldeak bideratzen dira; elkarlanean aritzen dira familiekin, zeregin horietan. Lasarte-Orian ere aritzen dira, duela hiruzpalau urtetik hona.

Hitzaldira bertaratutakoek egitasmoaren nondik-norakoak ezagutu zituzten Gurrutxagaren eskutik, eta baita hainbat adibide praktiko ere.

Atzoko hitzaldia dinamikoa izan zen oso: Gurrutxagak esperientziak partekatzera eta iritziak ematera animatu zituen entzuleak uneoro.