Irakurle Txokoak urtarrilaren 26an 2016ko lehen saioa izango du. Saio honek berrikuntza bat dakar, gidari aldaketa.
Txokoko lagunek jakitera eman dutenez, Uxue Alberdiren amatasun-baja dela eta, hilabete batzuetan Danele Sarriugarte izango da lan honetan. Berarekin izan gara Txokoan bere esperientzia ezagutzeko.
Literatura masterra
Danele Sarriugarte Itzulpengintza eta interpretazioan lizentziatua da. Graduondoko-ikasketak egin ditu pentsamendu kritikoari buruz, eta literaturaren teoria eta literatura konparatuan masterra du. Hainbat komunikabideetan kolaboratzaile lanetan dabil.
2014ean argitaratu zuen bere lehen eleberria 'Erraiak' 2012ko Igartza literatur-sorkuntzarako beka irabazi ostean.
Txokoetako gidari
Hori dela eta, azken urtean idazle modura joan izan ohi da Irakurle Txokoetara, 2014ko martxoan izan zen Lasarte-Orian. Baina gidari lanak ere egin ditu Sopela edo Elgoibarren.
“Aurreko ikasturtean hasi nintzen Sopelako eta Elgoibarko irakurle-taldeak gidatzen, eta aurtengoan denera bost gidatzen ditut, Lasartekoa kontuan hartuta,” azaldu digu.
Idazle eta gidari izateak aberasgarri dela deritzo, “niretzat behintzat bai. Batean sortzaile gisa jardun behar duzu, fokua zugan jarriago dago zuk idatzi duzulako dena delako obra. Orain gehiago arituko naiz irakurle paperean, harritu edo gustatu zaizkidan gauzak komentatzen... Gogoko dut”.
Metodologia bera
Aipatu legez, Lasarte-Oriako Irakurle Txokoko gidari lanetan hasi da eta azpimarratu duenez, ez da aldaketarik egongo.“Metodologia bera erabiliko dut,” adierazi du.
Honela, hilabetero liburua irakurtzen lagungarri egiten den informazioa eskainiko die kideei.
“Beste taldeetan ere horrela aritzen naiz, gainera. Gero, noski, pertsona bakoitza den modukoa da eta zenbait gauza alda daitezke, baina egituran behintzat ez,” aipatu du.
Liburu aukeraketa eta idazleen bisitei dagokionez, “zentzu horretan ere ez da aldaketarik egongo. Aurrez finkatutako egutegi bat bete behar dut nik”.
Eta horren harira, hurrengo saioetako liburuak aipatu dizkigu: urtarrilaren 26an Mikel Peruarenaren 'Su zelaiak' eleberria, Peruarena bertan dela, eta otsailaren 16an Katixa Agirreren 'Atertu arte itxaron'.
'Su Zelaiak'
Danelek aipatu legez, Mikel Peruarena Ansa kazetariaren 'Su zelaiak' liburua landuko dute hilabete honetako saioan.
Liburu honetan Lehen Mundu Gerrako gertakizun batean du oinarria, Frantziako Armadak 1914ko udan gerrara deitu zituen euskal gazteak. Sei mila bat euskaldun hil ziren lubaki eta borroketan.
Peruarenaren liburuak Baionako Infanteriako 49. Erregimentuak bizitakoa azaltzen du, baita garai hartako euskaldunak nola bizi ziren eta zer pentsatzen zuten ere.
Errealitatea eta fikzioa nahastuz gudaren ankerkeria eta bere eraginak jakitera ematen ditu liburuak.
Honetaz gain, beste ezaugarri adierazgarria du liburuak. Istorioa garatu ahala kontakizunaren hizkuntza euskara batutik iparraldeko euskarara aldatzen da.
Euskadi Saria
Hau guztiagatik, hainbat sari jaso ditu, baina zer esan gehien sortu zuena 2015 Euskadi Literatura Saria izan zen. Izan ere, idazleak saria ez jasotzea erabaki baitzuen.
Idazleak azaldu zuen moduan, 'Su Zelaiak' liburua Euskadi Literatura Sarietarako hautagai zela jakitera eman ziotenean Peruarena Ansak sarietan hautagai izateak sortzen zion ezinegona eta saritua izanez gero hau jasoko ez zuela azaltzen gutuna bidali zion epaimahaiari.
Hala eta guztiz ere, 2014 urtean argitaratutako euskarazko literatura liburuen artean onena eta aipagarriena zela erabaki zuen Sarietako epaimahaiak.
Peruarena saioan
Hau guztiaz eta beste hainbat gai aztertuko dituzte Irakurle Txokoko lagunek urtarrilaren 26ko saioan.
Gainera, liburuari buruzko zalantzak Peruarena berak argitu ahalko dizkie saioan izango baita.
Hitzordua, Manuel Lekuona kultur etxean da, 18:30ean.