Emakumezkoen taldeak garaipena lortu du

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urtarrilaren 17a

Ostadar SKTko emakumezkoen Lurralde mailako taldeak aukera bikaina zuen gaur igoera faseko lehen garaipena eskuratzeko, eta ez du alferrik galdu, 4-0 hartu du mendean Intxaurdi.

Julen Ormazabal eta Iker Artetxeren jokalariak nagusi izan dira lehen minututik azkenera arte. Eliren gol batekin hartu du aurrea, eta 1-0ekoarekin joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatian beste hiru gol sartu ditu taldeak, eta hamaika aukera eduki ditu besteren bat gehiago zakuratzeko. Azkenean, Elik, Ainarak, Crisek eta Wilcarrek sartutako golei esker, 4-0 irabazi du Ostadarrek.

4 partidu jokatu ditu orain arte Ostadarrek igoera fasean, eta beste hainbeste puntu bildu. Igoera fasea jokatzea denboraldi-aurretik egindako lan bikainaren ondorio eta saria da. Julen Ormazabalek eta Iker Artetxek zuzentzen duten taldea mugak gainditzen joan da jardunaldiz jardunaldi, Euskal Ligara igotzeagatik borrokatzeraino. Arizmendiren aurka neurtuko dituzte indarrak hurrengo asteburuan.