Kultura eskaintza interesgarria dago asteburu honetan Manuel Lekuona kultur etxean.
Batetik Okendo Zinema taldearen eskurik 'Rams (el valle de los carneros)' film islandiarra izango da ostiralean.
Film honek hainbat sari eskuratu zituen, hala nola Canneseko jaialdian film onenaren saria edo Urrezko galburua Valladolideko Semincin.
Film dramatiko honek bi anaien arteko harremana azaltzen du. 40 urtetan ez diote hitzik esan elkarri, baina haien ondasun preziatuena, ahari-taldea, salbu mantentzeko bat egin beharko dute.
Filmaren ostean, ohi bezala solasaldirako tartea izango da.
Hitzordua, aipatu legez, ostiralean izango da, 22:00etan Manuel Lekuona kultur etxean. Sarrera, 5,50 euro da.
Domingoren 75. urteurrena
Larunbatean, berriz, Manuel Lekuonan 'Cyrano de Bergerac' operaz gozatu ahalko da.
Kultura sailak antolatutako proiekzio digitalen saio berri honek Placido Domingo abeslariari omenaldi txiki bat egin nahi dio. Izan ere, 75 urte beteko baititu tenoreak urtarrilaren 21ean.
Literaturako lan klasikoa operara eraman zuen XIX. mendean Franco Alfano konpositore italiarrak. Henri Cainen libretoan oinarritutako opera honek Cyrano de Bergerac, Roxana eta Cristianen abenturak lau ekitaldietan azaltzen ditu.
Michal Znaniecki eta Patrick Fournillierrek zuzentzen duten bertsioan, Placido Domingo dugu Cyrano eta honekin batera, Roxanaren paperean Sondra Radnovsky soprano amerikarra izango dugu. Arturo Chacon tenore mexikarra da Christian.
Inpresionismo frantsesaren eta Straussen eragina entzun daiteke musikan eta Debussyren kutsua ere antzeman daiteke momentu batzuetan.
Opera zaletuek Valentziako Palau de les Arts Reina Sofian 2007 urteko otsailean grabatutako saioa ikusteko aukera izango dute. Hitzordua larunbatean 19:30etik aurrera izango da. Sarrerak 9 euro balio ditu.
Zilarrezko aktoreak
Azkenik igandean, 'Truman' film espainiarra izango da, 19:30ean.
Cesc Gayk zuzentzen duen film honi esker, Ricardo Darin eta Javier Camarak antzezle onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuten Donostiako Zinemaldian.
Julian eta Tomas haurtzarako lagunak dira. Julian eta bere txakurra Trumanek ezusteko bisita egiten diote Tomasi. Berarekin dauden egunetan bizipen ederrak izango dituzte.
Amodioa
Bestalde, hurrengo astean urtarrilaren 30ean, 17:00etan, haur eta helduei zuzendutako 'Amour' antzerkia izango da. Sarrera, 3,80 euro. Marie de Jongh taldeak bere azken lana dakar.