Gaur kiroldegia eta Zubietako Hondakinen uren ponpalekua, HUP, batuko dituen kolektorearen lanak hasi dira Bekokale bidean. Hortaz baliatuz, Añarbeko urak eta Lasarte-Oriako Udalak lan hauen berri eman dute. Aurkezpenean besteak beste Jesus Zaballos alkatea eta Enrique Noain Añarbeko urak enpresako lehendakaria izan dira
Kolektorea
Jesus Zaballos alkateak lehenik eskerrak eman dizkio Añarbeko urak enpresari “Lasarte-Orian 500.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egiteagatik”.
Jarraian, Noainek lanen azalpenak eskaini ditu. Kolektoreak gaur egungo hoditeria ordezkatuko du, 400 mmko bi hodi eramango ditu eta 370 metroko luzera izango du, kiroldegia eta Zubietan eraiki den HUPa batuz.
Honen bitartez, Lasarte-Oria eta Usurbilek Oria ibaira egiten dituzten isurketak Loiolako araztegira bidaliko dira. Izan ere, lan hauen helburua herritarrek Oria ibaia garbiaz gozatu eta ibaiaren berreskuratzea bultzatzea da.
Lanak Zubieder eraikuntza enpresak egingo ditu eta lau hilabetez luzatuko dira, “maiatzaren hasierako amaitua egotea espero dugu” aipatu du Enrique Noainek.
Epeak
Aurkezpenean azaldu legez, azken astean, Erribera eta kiroldegiaren artean “zundaketak” egin dira, lur azpian dauden zerbitzuak zein diren zehaztasunez jakiteko. Gaur Bekokale bideko lanak hasi dira eta martxoaren lehen astean, Erribera eta Ola kale zatiko obrari ekingo zaio.
Noainek azaldu duenez, lan hauekin Oria ibaiaren garbiketa behin betiko bere azken txanpan sartzen da. “Orain dela gutxi Ingurumen Ministerioaren Kantauriko Hidrografi Konfederazioak eraiki duen saneamendu sistema berri eta handiari kolektore hau gehitu behar zaio.”
Hala ere, “otsailean Zubietako HUPa martxan jartzean lanak amaitu arte hoditeria zaharra erabiliko da,” aurreratu du.
Eragozpenak
Lan hauek hainbat eragozpen sortuko dituzte, baina Añarbeko urak enpresak “enpresa eraikitzaileari obraren zati ezberdinetan seinaleak eta hesiak jartzerakoan arreta handiena jar dezala, obrak eragingo dituen eragozpenak bai oinezkoei bai trafikoari ahalik eta gehien murrizteko” eskatu dio.
Honen harira, asteazkeneko merkatuan Erribera kalean jartzen diren postuak leku aldatuko direla aurreratu du alkateak, “libre geratu diren beste lekuetan kokatuko dira”.
Herritarrak jakinaren gainean
Gainera, 'Oriaren garai da!' lelopean auzotarrei komunikazio kanpaina egin zaiela ere jakitera eman dute.
“Bigarren aldia da horrelako zerbait egiten duguna. Eskutitza bidez edo portaletan jarritako posterren bidez lanen nondik-norakoak jakinarazi dizkiegu,” azaldu zuen Añarbeko urak enpresako lehendakariak.
Azalpen gehiago edo lanei buruz kexatu nahi duten herritarren eskura 639 77 97 97 telefono zenbakia jarri dutela ere adierazi du.