Hurrengo urtera arte!

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 3a, 05:17

Gaur gaueko ekitaldiekin amaitu dira 2016ko San Pedro eta Sorgin Jaiak. Bost egun intentso izan dira, kontzertuz, emanaldi kulturalez eta parrandaz betetakoak. Atseden hartzea dagokie orain lasarteoriatarrei, baina ziur bat baino gehiago datorren urteko festetarako falta diren egunak kontatzen egongo dela.

Sinetsiguzue, guretzat ez da samurrena orain idazten ari garen albiste hau. Baina hasten den guztiak dauka amaiera, eta gauza bera gertatu da 2016ko San Pedro eta Sorgin Jaiekin. Gaur gaueko ekitaldiekin bukatu dira. Hori bai: a zer nolako bukaera. Emozioz, ospakizunez eta ekitaldiz jositako bost egunen ostean, herritarrek erakutsi dute indarrak dituztela oraindik gorputzean.

Valecea piroteknia etxearen su-festa ikustera joan dira asko eta asko Atsobakarreko zelaira, 23:00etan. Antzeman daiteke oso gustura geratu direla Lasarte-Oriako zeruan ikusi dutenarekin, miresmen eta harridura oihu bat baino gehiago entzun baitira.

Ondoren, plan bat baino gehiago eduki dute aukeran. Batzuk Jaizkibel plazara gerturatu dira, Sabiron taldearekin batera gorputza mugimenduan jartzera. Beste batzuk (gaztetxoenak bereziki) aurtengo festetako azkeneko zezen-suzkoen aurrean egin dute lasterka.

Ken Zazpi eta Bad Sound System

Kale Nagusian bai, baina Okendo plazan nekez egin zitekeen lasterka. Oinez ibili ahal izateko ere komeriak, Ken Zazpi gernikarren kontzertuan batez ere. Azken urteetako joerari jarraiki, enparantza bete-beteta egon da beste behin. Eñaut Elorrieta eta enparauek 'Phoenicoperus' diska berriko zenbait pieza aurkeztu dituzte, baina abesti klasiko asko jo ere bai, ikusleen gozamenerako: 'Ilargia', 'Haizea', 'Zenbat min', eta abar. Ordu eta erdi pasatxoz aritu dira oholtza gainean.

Ondoren musika erregistroa erabat aldatu eta parranda luzatu dute askok Bad Sound System taldearen emanaldiarekin. Okendon aritu dira eurak ere. Azkeneko festa eguna larunbata dela kontutan hartuta, parranderoenek ez dute aukera alferrik galdu eta gaueko ordu txikietara arte luzatu dute eguna.

Festetako azken gaueko argazkiak eta bideoak